Bisita gidatua eta solasaldia Mendia Emakumetasunetik argazki erakusketan barneratzeko

Barren.eus 2022ko mar. 8a, 16:41

Joan den astelehenetik ikusgai dago 'Mendia emakumetasunetik' izeneko erakusketa, Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Argazkiko protagonistetako batzuek solasaldia egingo dute eguen honetan, martxoaren 10ean.

Martxoak 8aren harira Emakumearen hilabetea antolatu dute herriko eragile desberdinek, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte emakumeekin lotuta. Horietako bat da Mendia Emakumetasunetik argazki erakusketa. Jon Martinez Ibarraren lanekin osatutako erakusketa martxoaren 13ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Argazkilariaren berbetan, ez da justizia sozialeko proiektu bat, ezta diskurtso feminista bat ere; mendiko kiroletan emakumeen presentzia ikusarazteko modu bat baizik. Mendiko kirolena "ia beti irudi maskulino batek ordezkatzen duen mundu bat" dela dio Jon Martinez argazkilariak. Bere ustez, emakumeak mendian egotea normala da, eskalada, alpinismoa edo mendiko eskia praktikatzen baititu haiekin. Elkarbizitza horretatik eta emakumea bigarren mailan uzten zela ikustetik sortu zen proiektu honen ideia. Ez bakarrik existitzen direla erakusteko, baizik eta, protagonistak izateaz gain, batzuk erreferenteak direla erakusteko. Ezagutzen ez den egia eta errealitatea erakustea da Mendia emakumetasunetik erakusketaren helburua.
Bisita gidatua eta solasaldia, eguenean
Argazkietako zenbait protagonistek (Sonia Casas, Ane Hernani eta Oihana Azkorbebeitia) bisita gidatua eta solasaldia emango dute, martxoaren 10ean, 19:00etan. Sarrera librea izango da, eta antolatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Haizea Emakume Taldeak antolatu du erakusketa beste hainbat eragileren laguntzarekin.

2022 03 08 mendia emakumetasunetikJon martinez ibarra