Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditoriumean egingo dute, apirileko lehen asteburuan (apirilak 2 eta 3). 2018an egin zuten lehiaketa honen estreinako edizioa, eta antolatzaileak pozik gelditu ziren esperientzia harekin. Paulo Antonio Melo portugaldarra eta Leon Trouve frantziarra gailendu ziren, A eta B kategorietan, hurrenez hurren. Orain, bi urtean behin antolatzeko asmoa dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Lehiaketa honen bidez, Hamaikasax Saxofoi Elkarteak azken urteotako lanaren jarraipena egin nahi du, "gure lurraldean saxofoi klasikoa zabalduz eta garatuz". Lehiaketa antolatzeko helburu nagusia musikari gazteei saxofoiaren munduan jarraitzeko pizgarri bat eskaintzea dela azaldu dute, musikariak ondo presta daitezen, hobetzen saia daitezen eta esfortzu guzti horren emaitza ikus dezaten. "Lehiaketa nazioartekoa izanik, parte hartzaileei musikari bezela aberasteko aukera eskainiko zaie. Izan ere, euren adin eta maila antzekoa duten ikasleek beste musika eskola eta kontserbatorio batzuetan egiten duten lana zuxzenean eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute". Musika eskolako arduradunen berbetan, goi-mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleei bultzada bat ematea da lehiaketaren beste helburuetako bat. Era berean, txikienek bakarka saxofoia jotzeko trebetasunak garatzea eta musikari lotutako jardueretan parte hartzeko zaletasuna piztea nahi dute, era honetan, ikasketa ohiturak barnera ditzaten.
• Hainbat herrialdetako 19 partaide
Edizio berri honetan 19 partaide izango dira, Espainia, Portugal, Frantzia eta Euskal Herritik etorritakoak, eta tartean hiru saxofoi jole elgoibartar ere izango dira: Elaia Etxaniz, Unai Aizpurua eta Aimar Vigara. Era berean, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko ikasleen ensemblearen emanaldia ere antolatu dute eta lehiaketaren itxiera ekitaldia Herriko Antzokian egingo dute, Udal Musika Bandak emango duen kontzertuaren baitan.
Honako egitaraua prestatu dute:
Apirilak 2, larunbata.
- 11:00 Lehiaketaren aurkezpena eta zozketa, parte hartzaileen hurrenkera erabakitzeko. Musika eskolako auditoriumean.
- 11:30 B kategoriakoen finalaurrekoa.
- 17:00 A Kategoriakoen finalaurrekoa.
- 19:30 Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko ikasleen ensemblearen kontzertua. Musika eskolako auditoriumean.
Apirilak 3, igandea.
- 10:00 B kategoriako partaideen finala, eta jarraian A kategoriakoen finala.
- 12:30 Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertua eta Sari Banaketa. Herriko Antzokian. Lehiaketaren itxiera ekitaldia musika bandaren kontzertuaren barruan egingo dute.
Lehiaketari buruzko informazio osoa https://www.hamaikasax.com/hasiera webgunean