Saxofoi-jole Gazteen I. Hamaikasax Lehiaketa antolatu dute elkarlanean Hamaikasax Saxofoi Elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak. Lehen edizioa primeran irten zela adierazi dute antolatzaileek eta partaideek erakutsitako maila oso ona izan zela azpimarratu dute. "Maila oso ona izan da eta entzuleok asko disfrutatzeko aukera izan dugu", esan dute. Zapatuan zein domekan musika eskolan egon den giroa ere oso ona izan dela gaineratu dute, "lehiakideen artean, familiakoen artean, zein irakasle eta epaimahaikideen arteko giroa oso ona izan da".
Lehiaketari dagokionez, A kategorian (12tik 16 urtera) Paulo Antonio Melo portugaldarra gailendu zen. 750 euroko opari txartela (Mafer) jaso zuen saritzat eta baita Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertu batean bakarlari gisa jotzeko aukera ere. Aurrekoez gainera, 2019an Santurtzin ospatuko den Hamaikasax ikastaroan parte hartzeko matrikula eskuratu ahal izango du, debalde, Paulo Antonio Melok. Camille Havion frantziarrak eskuratu zuen bigarren postua eta honekin batera irabazi zuen saria, 300 euroko opari txartela. Paula Delgado sasofoi jole bizkaitarrak lortu zuen hirugarren postua (150 euroko opari txartela). B kategorian 12 urtera arteko musikariak lehiatu ziren eta Leon Trouve frantziarrak irabazi zuen lehiaketa. Euromusica Fersaneko produktu sorta jaso zuen saritzat.
Sasofoi jole gazteek instrumentua jotzeko duten trebezia agerian laga zuten musika eskolako auditoriumean. Besteak beste, Hamaikasax Saxofoi Elkarteak Eduardo Moreno konpositoreari konkurtsorako enkargatutako obra bat interpretatu behar izan zuten Acuarela izenekoa.
Hiru musikari elgoibartar ere lehiatuko ziren: Miren Serrano, Ander Aizpurua eta Eneko Gil.