Elgoibarko Udalak lehiaketa publikora atera du Errotaberriko igogailu berriaren obraren lizitazioa. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 5ean amaituko da. Udalak obra maiatzean esleitu eta ekainean hasi nahi du. Hasierako aurrekontua 554.762,45 eurotakoa da, BEZa barne, eta hitzartutako exekuzio-epea zazpi hilabetetakoa. Hortaz, kalkulu horiek betez gero, 2023. urte hasierarako martxan egon beharko luke igogailuak.
Errotaberriko eskailera mekanikoek duela urtebete, 2021eko martxoan, laga zioten funtzionatzeari, matxura baten ondorioz. Arazo teknikoak handiegiak zirela ikusita, konpontzea baino hobe zela igogailu publikoa eraikitzeko asmoa aurreratzea erabaki zuen Udalak. Idatzi dute proiektua, eta, URA Uraren Euskal Agentziaren baimena ere jaso dute, Sallobente erreka igarotzen baita ondotik. Orain, lanen lizitazioa hasi dute.
Udaletik zehaztu dutenez, igogailu berriak 15'55 metroko altuera edo maila gaindituko du, eta irisgarritasuna "nabarmen" hobetuko du, eskailera mekanikoak erabili ezin zituzten mugikortasun urriko pertsonentzat ere balioko baitu.
Igogailuak zortzi lagun garraiatzeko gaitasuna izango du, 630 kilora arteko mugarekin. Kabinak honako neurriak izango ditu: 1.100 mm x 1.400 mm x 2.100 mm. Igogailuaren dorrea ageriko hormigoi armatuzkoa izango da, eta aurrealdea libre utziko du, erabiltzaileek ikusgarritasuna izan dezaten. Beirazko itxitura batekin estalita egongo da. Igogailua egongo den dorrea San Roke espaloiarekin lotzeko 8,33 m-ko pasabide metaliko bat erabiliko dute.
∞Lotura duten albisteak: