Elgoibarko Udalekik jakitera eman dutenez, 2019-23 Legealdi Planean jasotako proiektua da Errotaberriko eskailera mekanikoak ordezkatuko dituen igogailu publikoa eraikitzea, udalerriko auzo guztietako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko estrategiaren barruan. Proiektu hori, baina, 2022rako gauzatzea aurreikusten zuen Udalak. Egoerak behartuta aurreratzea erabaki dute. Izan ere, eskilara mekanikoak ematen ari diren arazo teknikoen aurrean, proiektua 2021eko lehen seihilekoan jarriko duela abian aurreratu du Udal Gobernuak.
• Matxuratuta eta zaharkituta
Errotaberriko eskailerak geldi daude joan den martxoaren 14az gero, matxuratuta. Udalak eskaileren egoeraren berri ematen duen teknikarien txostena jaso du, eta horren arabera, osagai mekanikoak ez daude egoera onean eta zenbait piezek higadura handia dute, besteak beste, 17 urte bete dituelako eskailera honek. Gainera, ordezko piezak zaharkituta daudela eta, piezak aldatuta ere ezin dutela ziurtatu behar bezalako funtzionamendua azaldu dute teknikariek. Gauzak horrela, dagoen egoeran ezin dela erabiltzaileen segurtasuna "erabat" ziurtatu esan dute teknikariek. Beste berba batzuetan, erabilgarri izateari laga diola.
• Autobus zerbitzua martxan
Teknikariek esandakoan oinarrituta, Errotaberriko eskilera mekanikoak itxi eta kentzea erabaki du Udalak, "elgoibartarren segurtasuna eta ongizatearen bermea lehenetsiz". Auzotarren irisgarritasuna bermatzeko igogailu bat eraikiko dute. Udalaren aurreikuspena da igogailuaren proiektuaren idazketa 2021eko apirilean abiatzea eta obren exekuzioa 2022 hasieran ekitea, bostpasei hilabete inguruko iraupenarekin.
Igogailua eraiki bitartean, Errotaberriko irisgarritasuna autobus-zerbitzuarekin bermatuko du Udalak.