Altzolako Karmen Plazako udal eraikinaren teilatua berritzeko lanak hasi ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2022ko mar. 24a, 16:48

Martitzenean ekin zion Elgoibarko Udalak Altzolako Karmen Plazako udal eraikinaren teilatua berritzeari.

Berritzeak 240 metro koadrori eragingo dio eta aurrekontua 36.773,40 eurokoa izango da, BEZ gabe. Obra Goki Erreformak S.L.k egingo du. Estalkia iragazgaiztean, isolamendua indartzean eta teilak ordezkatzean datza obra. Erreformak bi aste inguruko iraupena izatea aurreikusten dute.

Elgoibarko Udalak 2020an Altzolako udal-eraikina eta Karmen plaza eraberritzeko lanak egin zituen. Udalak 158.389 euro bideratu zituen (BEZa barne) berritze-lanetara, batez ere barrualdeko eremuari eragin zioten lanek. Eraikinak hiru lokal zituen, eta espazio bakarra bihurtu zen, lokal gardenagoa, 140 metro koadrokoa. Saneamendu- eta argiztapen-sareak ere berritu zituzten.
Gogoratu behar da Altzolako eremua Birgaitze Integraleko Eremu izendatuta dagoela, eta, beraz, hura babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko ekintza berezi baten mende dagoela, bizilagunen bizi-kalitatea hobetze aldera.

2022 03 24 altzola udal eraikina karmen plaza

∞Lotura duten albisteak: