Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 158.389 euro (BEZa barne) bideratuko ditu obrak gauzatzeko, eta Construcciones Aplibur SL enpresak egingo ditu. Egun hiru lokalez osatuta dagoen eraikina lokal bakar bihurtzeko aukera egongo da aurrerantzean. Hau da, moldagarria izango da, eta giro txikiagoetarako espazioak sortu ahal izango dira. Guztira, 140 metro koadro izango ditu espazio berriak, lokal diafanoa izango da eta aukera desberdinak eskainiko ditu. Jende asko batu dezaketen ekitaldietarako erabili ahal izango dela azaldu dute Udaleko arduradunek: bazkariak, filmeen emanaldiak, auzolagunen bilerak, kartetan jolasteko, umeek jolasteko, e.a. Espazioak, argiztapen berria izango du, LED teknologiadun fokoak jarriko dituzte. Bestalde, egokitutako bi komun ere izango ditu eta erradiadore elektrikoak instalatuko dituzte lokala berotzeko.
Eraberritzeak eraikinaren barnealdeari eragingo dio gehienbat, baina kanpoaldean, Karmen plazan, lorategi berriak, eta jarlekuak jarriko dituzte, besteak beste.