27 taldek eramango dute Korrikaren lekukoa Elgoibarren

Barren.eus 2022ko mar. 30a, 09:23

Barikuan, apirilak 1, ailegatuko da Elgoibarrera Korrika, euskararen aldeko ekimena, eta kilometroen banaketaren berri eta herrian egingo duten ibilbidearen berri eman du Elgoibarko AEK euskaltegiak.

Elgoibartarrok Saturion hartuko diegu lekukoa eibartarrei, 10:10ean. Santa Ana kaleko biribilgunean egingo diogu ongietorria. 'Ika, ika, ika, hemen dator Korrika' lelo ezaguna eta Sustrai Colinak 22. Korrikarako idatzi eta Nerea Urbizuk, Ane Garciak eta Anarik pop estiloan musikatutako 'Hitzekin' kantua isildu gabe zabalduko du AEK-ren furgonetak, eta herri osoa gurutzatuta, Soraluzerako bidea hartuko du gero Korrikak [Mendaron ez da sartuko].

 • ELGOIBARKO IBILBIDEA eta LEKUKO ERAMALEAK
Saturio (10:10ean ), Sigma, Sigmako biribilgunea, Santa Ana kaleko biribilgunea, Antonio Arrillaga, Kalegoen plaza, San Bartolome, Pedro Miguel Urruzuno, Bernardo Ezenarro,
Txarriduna, Maalako parkea, San Frantzisko, Kalebarren plaza, Errosario, Santa Ana, burdinazko zubia (Kanposantu azpitik), Olasoko N-634ko biribilgunea, Sigma auzoa, Saturio eta Maltzaga (10:55).

Hauek dira martitzenera arte kilometroa eskuratua zuten lekuko eramaleak.

  1. Meka Lanbide Heziketa, Institutua eta IMH (Gaindu parean)
  2. Biharko Gipuzkoa SL San Lazaro Egoitza (Olaso pareko autobus geltokia)
  3. Elgoibarko Sanlo EKT (Sigmako garajeak)
  4. Mauxitxa Txaranga (Santa Anako errotonda)
  5. Haritz Euskal Dantzari Taldea (Eskopeta denda)
  6. Elgoibar ikastolako gurasoak (Laboral Kutxa parean)
  7. Elgoibar ikastolako langileak (Azkue Argazkiak - San Bartolome kalea)
  8. Arno Guraso Elkartea eta Mendaro Ikastola (Quintin -P.M. Urruzuno kalea)
  9. Mendaroko Udala (La Pera fruta denda)
  10. Elgoibarko udal ordezkariak (Eroski pareko zebrabidea - B. Ezenarro kalea)
  11. Elgoibarko udal langileak (Malape taberna - San Frantzisko kalea)
  12. Danobat Koop (King Kong -San Frantzisko kalea)
  13. Ideko S. Koop (Gabi taberna)
  14. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea (Errosario kalearen erditik)
  15. Alcorta Forging Group S.A. (Jai Alai taberna parean)
  16. PuntuEus fundazioa (Gorbea taberna)
  17. EH Bildu Elgoibar (Santa Ana kaleko biribilgunea)
  18. Morkaiko Mendizale Elkartea (Santa Ana eta Zizilion kaleak batzen dituen burdinazko zubian)
  19. Haizea Emakume Taldea (Olasoko errotondan)
  20. LAB-Rodisa-Schaeffler (Sigmako frontoi pareko autobus geltokian)
  21. Txankakua Elgoibarko Merkatari Elkartea (Gaindu parean)
  22. C.D. Elgoibar (Harrobi zaharraren parean)
  23. Etxepe (Saturion)
  24. EAJ-PNV (Mendian gora eskuinaldean doan porlanezko aldapan)
  25. Elgoibarko Kimetz Elkartea (Maltzagarako bidean, bigarren zubipean)
  26. Elgoibarko Haurreskola eta Herri Eskola (Maltzagan, Eibarrerako bus geltokia baino lehen)
  27. AEK euskaltegia (Maltzagan Eibarrerako autobus geltokiaan)

 2022 03 30 elgoibar udal korporazioa korrikarekin bat

 • Euskaraz bizitzeko herri gogoa badela erakusteko ekimen ikusgarria
Urtebeteko atzerapenarekin bada ere, badator Korrika. Aurreratua zuen AEK-k, egin, egingo zela, Korrikak ekarri ohi duen euskararen “aldekotasuna eta harrotasuna” inoiz baino beharrezkoago jotzen zuelako. Izan ere, pandemiak euskara “ia errotik” ezabatu du plaza ugaritan zein askoren bizitzan. Baina hauspoa da Korrika euskaraz bizi nahi duen herriarentzat, ilusio ziztada, eta euskaraz bizitzeko herri gogoa badela erakusteko ekimen ikusgarria. Martxoaren 31n hasi eta apirilaren 10a bitartean, eskuz esku erabiliko dute Korrikaren lekukoa ehunka mila euskaltzalek Euskal Herri osoan zehar, eta jende uholdea batuko da Korrikara. Eta indar hori baliatu nahi du AEK-k urrats sendoagoak egiteko garaia dela gogorarazteko. Horixe bildu nahi izan dute 22. Korrikaren leloan bertan ere: hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela; ekiteko garaia dela. “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”. Alde egotetik konpromisoak hartzera bultzatu nahi ditu Korrikak herritarrak zein erakundeak. “Ernatzeko garaia da. Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan era gitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko".

Baina gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzeaz batera, beste helburu nagusi bat ere badu Korrikak: gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Izan ere, administrazioen aldetik aurrerapausoak eman diren arren, badago oraindik zer hobetua euskaltegien eta euskalduntzearen beharrei erantzuteko. Helburu horri begira, hiru dira Korrikan jorratzen diren bide nagusiak: kilometroen salmenta, materialaren salmenta eta ahal beste euskaltzale Korrika laguntzaile egitea. Eta ohi legez, fin erantzun dute herritarrek. 24 taldek egin dute kilometroa eskuratzeko diru-ekarpena Elgoibarren eta bik Mendaron; Arno Guraso Elkarteak eta Mendaro Ikastolak erdibana.

∞ Lotura duten albisteak: