10:00ak puntuan hasi da festa Elgoibarren. Mauxitxa txarangaren doinuek hartu dute ordu horretarako jada jendez gainezka zegoen Kalegoen plaza. Eskola-umeak iritsi dira ikastetxeetatik, eta herritarrak pozik, urduri zein hunkituta bildu dira Korrikari ongi-etorria emateko. Laino beltzek mehatxu egiten zuten zeruan, eta tarteka, mehatxu hori bete ere egin dute. Euri zaparradak eta txingorra ere bota du Elgoibarren lehen taldeek lekukoak hartu dituztenean, Olaso parean, baina herri barrutik igaro direnean, eguzkia ere batu da euskararen festara. 27 elkartek hartu dute lekukoa Elgoibarren, eta jendetza batu da euskararen alde. Euskararen aldeko hainbat lema oihukatu dituzte ozen, lau haizeetara, eta herritarren soka luzeak zeharkatu ditu kaleak. Etorri den leku beretik joan da lekukoa, oraingoan baina Soraluze alderantz, eta eguzkipean esan dio agur Elgoibarri.
Gaur, HITZEKIN du Elgoibarrek.
∞ Lotura duten albisteak:
- Harrera beroa egin dio Elgoibarrek 22. Korrikari (2022-04-01)
- Korrika Txikia barikutik martitzenera atzeratu dute Elgoibarren (2022-03-31)
- 27 taldek eramango dute Korrikaren lekukoa Elgoibarren (2022-03-30)
- Apirilaren 1ean pasako da 22. Korrika Elgoibartik (2022-01-19)
- Bideoak: 2019ko Korrikak Elgoibarren eta Mendaron (2019-04-15)