Unai Loiola gailendu da Idotorbeko bola-joko txapelketan

Barren.eus 2022ko api. 26a, 09:33

San Migel taldeko Unai Loiolak irabazi ditu Elgoibarren jokatu dituzten Gipuzkoako 51. Hiru-txirlo Bola joko txapelketako bi jardunaldiak, azkena joan den zapatuan, Idotorbeko bolatokian.

Aiastiako San Migel bolatokian hasi zuten martxoaren amaieran Gipuzkoako 51. Hiru-txirlo Bola joko txapelketa, eta Unai Loiolak irabazi zuen estreinako tiraldi hura. Bolariak Elgoibarrera itzuli ziren berriro ere joan den zapatuan, txapelketako laugarren jardunaldia jokatzera, Idotorbeko bolatokira baina oraingoan. Guztira 55 bolarik hartu zuten parte eta estua izan zen lehia, lehen sei sailkatuek txirlo kopuru bera jo baitzuten egin zituzten hiru jaurtialdietan: hiru txirlo. Unai Loiolak eskuratu zuen lehen postua, Iñaki Gojenolak (Asola Berri) bigarrena eta Angel Ibarluzeak hirugarrena. San Migel taldeko hiru bolari sailkatu ziren aurreneko postuetan, Loiolaz eta Ibarluzeaz gainera, Jabier Osoro bosgarren postuan sailkatu baitzen. Taldekako sailkapen nagusian bigarren postuan dago San Migel A taldea, 38 txirlo botata. Azkoitiko Floreaga taldea dago lidertzan, 39 txirlorekin.

Banakako sailkapenari dagokionez, lau jardunaldi jokatu eta gero, Asola Berri C taldeko Iñaki Gojenola dago lehen postuan, 16 punturekin. Angel Ibarluzea da sailkapen nagusiko lehen elgoibartarra, 8. postuan, 10 punturekin. Aitziber Olaizola 10. postuan dago, 9 punturekin; eta, 11. postuan ageri da Unai Loiola 9 punturekin.

Txapelketako bosgarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan, apirilaren 30ean, Lasturreko bolatokian (17:00).

 

∞Lotura duten albisteak: