Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Energia Argitu' programaren barruan Elgoibarren emango duten tailerrak 'Energia berriztagarriak zure etxean... posible da!' du izena, eta tailerraren helburua da "beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarrian eskaintzea".
Aita Agirre Kulturgunean egingo dute, maiatzaren 3an, martitzenean, 18:00etan.
"Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki, eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu dute, bai etxebizitza indibidualetan, bai etxebizitza blokeetan", azaldu dute Energia Argitu programaren arduradunek.
"Izaera praktikoa" izango duen martitzeneko saioan energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek, eta, aldi berean, "martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez" instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.
• Izena emateko
Tailerrean parte hartu nahi duten lagunek aurrez eman behar dute izena, apirilaren 29rako, beranduenez, argitu@gipuzkoa.eus posta elektroniko helbidera idatzita edo 605 757 687 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara).
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak antolatu du saio praktiko hau, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan.
Energia Argitu programaren helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren "murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko" tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:
- Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.
- Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
- Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.
Informazio osagarria: www.argitu.eus