Deba ibaia hobetzeko tailerra egingo dute gaur Altzolan

Barren.eus 2022ko mai. 5a, 12:45

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aldundiak antolatuta, 'Deba Ibaia Hobetzeko Tailerra' egingo dute gaur, Altzolako elkartean. Herritarren iritziak jasotzeaz gainera, ibaiak leheneratu eta biziberritzeko Merlin egitasmo europarraren berri emango dute.

UPV/EHU eta Gipuzkoako Aldundia elkarlanean aritu dira ibaiak leheneratzeko nazioarteko proiektu batean. Alemaniako Duissburg-Essengo Unibertsitateak koordinatzen duen MERLIN (Mainstreaming Ecological Restoration of freshwater-related ecosystems in a Landscape context: Innovation, upscaling and transformation) izeneko proiektuan, hain zuzen ere. Europar Batasunak 21 milioi eurorekin finantzatuko du 2025era arte.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak eta Arturo Elosegi Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailearen berbetan ufalek eragindako gero eta hondamendi gehiago bizitzen ari gara, eta horiek erakusten digute nola eragiten dioten elkarri klima aldaketak eta ibai ingeniaritzako iraganeko jarduketek. “Ur masek eta lautada alubialek espazio gehiago behar dute, eta trabarik ez egotea ere bai, beren dinamika naturala ez eragozteko; birnaturalizatu egin behar dira beren funtzio naturalak ematen jarraitu ahal izan dezaten”, adierazi du Elosegik.

MERLINek aplikazio zabaleko formula berriak bilatzen ditu Europako ibai ekosistemen funtzioak leheneratzeko, hauetarako balio dezaten, besteak beste: uholdeak murrizteko eta karbono dioxidoa biltzeko, edo uraren fluxu naturala eta arrainen migrazioa errazteko. Europa osoko 44 kide daude sartuta proiektuan, tartean, unibertsitateak, ikasketa institutuak, natura kontserbatzeko erakundeak eta enpresen, gobernuen eta udalerrien alde interesdunak.
Gurera ekarrita, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak ibaiak leheneratzeko eta presak kentzeko obrak egingo ditu, eta 800.000 euro jarriko ditu horretarako. Erabiltzen ez diren hamar presa kenduko dituzte, Deba ibaiaren konektagarritasuna zatikatzen dutelako. 

•Deba Ibaia hobetzeko tailerra, gaur
Merlin egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte EHUko ikertzaileek gaur Elgoibarren emango duten tailerrean. Altzolako auzoko elkartean (Karmen enparantza, 2), izango da, 18:30etik aurrera. Saio parte hartzailea izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Herritarrek Deba ibaia nola ikusten duten jakin nahi dute, alde onak eta txarrak, eta iritzi horiek jaso ostean, Deba ibaia hobetzeko euren proposamena aurkeztuko diete herritarrei, denen artean eztabaidatzeko. Doakoa izango da.

2022 05 04 deba ibaia tailera kartela

∞Lotura duten albisteak: