Eguen honean, maiatzaren 12an, Debabarreneko enpresek aurrez aurre ezagutu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2022ko laguntza-plana. Plan horrek 74 programa biltzen ditu eta 600 milloi baino gehigoko aurrekontua du, eta laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, "arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusibo eta jasangarriari".
Aurten I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratutako laguntzak Eusko Jaurlaritzak ETEei zuzendutako laguntza-programen % 70 baino gehiago dira.
Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Sozietatearekin elkarlanean, aurkezpena Debegesan egingo da (Azitain industrialdea, 3 BIS), goizeko 9:30etik 11:30era. Ekitaldian izango dira Aitor Urzelai SPRI taldearen zuzendari nagusia; Leyre Madariaga Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Ana Camacho Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria; Ainhoa Ondarzabal, BTI- Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilaria; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria; Alex Boto Ihobeko zuzendaria; eta Raul Perez Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, eta bakoitzak bere arloko programen xehetasunak azalduko ditu.
Enpresek, beraz, laguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak jakin ahal izango dituzte eta euren premietara ongien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute. Ekitaldian Juan Ángel Balbásek ere parte hartuko du, Debegesako zuzendari nagusiak. Laguntzen aurkezpenaren ostean, enpresetako ordezkariek networking saio batean parte hartzeko aukera izango dute. (hona egitaraua -PDF-)
- Aurkezpenera joan nahi duten enpresek aldez aurretik izena eman behar dute, Debegesaren web orrialdean: www.debegesa.eus
- Informazio gehiago: 2022ko laguntza-planaren Katalogo digitalean