Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektuaren kontra protesta egiteko bizikleta martxa atzo abiatu zen Donostiatik, eta lehen etapa Azpeitian bukatu zuten. Gaur, bigarren etapan, Azpeitia eta Ondarroa batuko dituzte, eta batetik besterako bidean Elgoibartik ere igaro dira txirrindulari protestariak. Igaro bakarrik ez, bazkaltzera ere Elgoibarren gelditu dira. Elgoibarko pentsiodunen taldeak Maalan egin dio harrera bizikleta martxari, Haritz dantza taldeko bi dantzarik dantzatu duten aurreskuarekin. Gero, manifestazioa egin dute herriko kaleetan eta giza eskubideen plazan egin duten ekitaldiarekin eman diote amaiera. Alfonso Guillo eta Gabi Agorregomezkorta musikari elgoibartarrek girotu dute ekitaldia zuzeneko emanaldi batekin.
Ekainaren 25ean Donostian amaituko den bizikleta martxa honek “pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak” eskatuko ditu igaroko den herri eta hirietan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa urteko 14 ordainsaritan izatea lortzea. Horixe da bizikleta martxaren aldarrikapen orokorra, pentsiodunen mugimendukoek duela hilabete Eusko Legebiltzarraren Gasteizko egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzean eskatu zuten bezala. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zenbateko hori gutxieneko kopuru gisa ezartzen ez duten bitartean, datorren urteko aurrekontuetan berariazko partidekin osatzea eskatzen diete.
- ARGAZKI-BILDUMA: Euskal Herriko pentsiodunen bizikleta martxa Elgoibarren
∞Lotura duten albisteak:
- Euskal Herriko pentsiodunen bizikleta martxa ekainaren 14an ailegatuko da Elgoibarrera (2022-06-06)
- Eguerdian ailegatu da Elgoibarrera Gipuzkoako pentsiodunen bizikleta martxa (2021-05-27)
- Hilabete honetan pentsio duinen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du Gaurgeroa Duintasunak (2021-05-19)