Euskal Herriko pentsiodunen bizikleta martxa ekainaren 14an ailegatuko da Elgoibarrera

Barren.eus 2022ko eka. 6a, 14:37

Euskal Herriari bira emango dion bizikleta martxa antolatu du Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, pentsio duinen aldeko "kontzientzia pizteko eta ilusioa zabaltzeko". Elgoibartik ere igaroko da.

Ekainaren 13an hasi eta 25ean bukatuko den bizikleta martxa Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionatik igaroko da. Hamahiru etapatan 700dik gora kilometro egingo dituzte.  Antolatzaileek jakinarazi dute pentsio duinen aldeko kontzientzia pizteko eta ilusioa zabaltzeko antolatu dutela, eta "festa giroan, giro herrikoian, alaitasunez, tentsiorik gabe eta sumindurarik gabe" egin nahi dute. Aldarrikapen zehatzak ere badituzte: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoak eta zaintza lana partekatzea, hain zuzen ere. (ikus martxaren aurkezpeneko bideoa)

Pentsiodunen Mugimenduko arduradunek zehaztu dutenez, aldarrikapen hau Gobernu espainolaren pentsioen erreformaren bigarren zatiarekin bat dator. Haien iritziz, erreforma hori "Pentsio Sistema Publikoaren murrizketan eta pribatizazioan beste urrats bat besterik ez" baita. Gogora ekarri dute lau urte baino gehiago daramatzatela pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten, eta denbora honetan lortu dutela pentsioak murriztu zituzten zenbait neurri leheneratzea, besteak beste, "PP alderdiak jarritako pentsioen balioa 0,25ean handitzea lortu dugu, baina ez dugu lortu Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea. Lortu dugu, baina, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren (CSE) nahikotasun- irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbalorizatzea; eta indarrean jarraitzen dute pentsioen erreforma desberdinek, 2011koak esaterako, eta bai 2021eko erreforman, zein 2022ko bigarren zatian, sendotu egin dira".

Elgoibarren ekainaren 14an, martitzena, egingo diote harrera bizikleta martxari. Aurresku batekin egingo diote ongi etorria Maalako plazan, 12:00etan. Ondoren, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan, honako ibilbidea osatuz: San Frantzisko kalea, Kalebarren kalea, San Bartolome kalea, Kalegoen plaza eta Giza Eskubideen plaza. Giza Eskubideen plazan ekitaldia egingo dute, zuzeneko musikarekin. Horren ostean, bazkaria egingo dute, martxan parte hartuko duten txirrindulariek indarrak berreskuratu eta euren bidean Ondarroaraino jarrai dezaten.

2022 06 06 bizikleta martxa pentsiodunak 2021 barren

∞Lotura duten albisteak: