Aurkezpenean izan ziren Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako alkateak (Ane Beitia, Iker Aldazabal eta Gorka Artola), Aldundiko kultura diputatu Mari Jose Telleria, Aranzadiko ordezkaria eta indusketetan jardun duten hainbat boluntario, aurkezpen ekitaldira hurreratu ziren dozenaka herritarrekin batera. Oinez igo ziren horietako asko eta autobus zerbitzua ere egon zen Karakate gaineraino ailegatzeko.
'Elosua-Plazentzia' liburua argitalpen mardula da, 160 orrialdekoa eta argazki eta ilustrazioz hornitua. Hasierako ataletan, Muskiritzu mendilerroaren ezaugarri geologiko eta kulturalen berri ematen du, eta, ondoren, XX. eta XXI. mendeetan inguru horretan egin diren azterketen eta aurkitu diren monumentu eta pieza nagusien inbentario zehatza aurkezten du, azken urteotan ezagutu dituzten datu berrien eta egin dituzten zaharberritze-lanen gaineko informazioarekin batera.
Hain justu, aurten bete dira ehun urte Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrique Egurenek Muskiritzuko mendilerroan aurkitutako lehen aztarna megalitikoen gaineko liburuxka argitaratu zutenetik eta Aranzadik data seinalatu hori baliatu nahi izan du 'Elosua-Plazentzia' liburua argitaratzeko.
• Jesus Tapia: “Harrituta eta oso pozik nago jasotzen ari garen emaitzekin”
Jesus Tapia Aranzadiko kideak gogorarazi duenez Aranzadi, Barandiaran eta Eguren 1921ean etorri ziren mendilerro honetara bertako monumentuak aztertzera, egiaztatzera eta industera, eta aintzindari haien jarduna goretsi du: “Garai hartan ezer gutxi genekien fenomeno honen inguruan. Esplorazio batzuk eginak zeuden Aralar eta Aizkorri inguruetan eta hau izan zen Euskal Herrian ezagutu den ejenplurik zaharrenetako bat. Orduan esaten zuten oso interesgarria zela, ez bakarrik elementuen kopuruagaitik baizik eta sakabanatuta eta multzoka antolatuta dauen moduarengatik ere bai. Tamalez, kexu ziren gehienak suntsituta edo erdi suntsituta zeudelako. Orduan egin zituzten lanak oso zorrotzak izan ziren garai hartarako”. Azken urteotako lanari begiratuz, gustura agertu da lortutako emaitzekin: “Orain, ia ehun urte geroago, berriz hasi ginenean industen, ematen zuen gauza gutxi aurkituko genituela baina harrituta eta oso pozik nago jasotzen ari garen emaitzekin. Oraindik badago partidua. Ari gara beste teknologia eta ikuspegi batzuekin informazioa biltzen eta ondorengoek ere gure lana errebisatu eta osatuko dute”.
Amaitzeko, Tapiak eskerrak eman zizkien Udalei, Aldundiari eta Debegesari proiektuari eman dioten laguntzarengatik eta “ikusten delako erakundeen aldetik zelako gogoa dagoen ikerketan sakontzeko, leku hau babesteko eta zaintzeko bertako ondarea”. Horrekin batera, indusketetan laguntzaile lanetan jardun duten boluntarioen lana ere eskertu zuen. Ekitaldira joan zirenek liburuaren ale bat eskuratu ahal izan zuten, debalde.
• Liburua salgai
Liburua salgai ipiniko dute Dolmenen Ibilbidea proiektua bultzatzen diharduten hiru udalerrietan: Soraluzen eta Elgoibarren udaletxeetako harreran eta Bergaran Laboratoriumean. Liburua 5 eurotan salduko dute.
Liburuaren aurkezpenaren ostean, haurrentzako tailerrak egon ziren, Hezur Museoko José Julián Márquezen eta Galemys enpresaren eskutik, eta salda eta txorixoa ere banatu zituzten.
*Argazkiak eta informazioa: plaentxia.eus
∞Lotura duten albisteak: