Liburu horretan besteak beste, ingurune horretan egin dituzten aurkikuntza arkeologikoei buruzko informazioa jaso dute. Aranzadik Telesforo Aranzadi bilduman argitaratuko dute, eta, besteak beste, Jesus Tapia arkeologoak idatzi du, azken urteotan Dolmenen Ibilbideko indusketen zuzendaria izan denak. Liburua 5 eurotan erosi ahal izango da, Laboratorium Museoan, Bergaran; Herritarren Arreta Zerbitzuan, Elgoibarren (txartelarekin ordainduta bakarrik), eta Soraluzeko Udaletxeko harreran.
Ekainaren 19an egingo dute liburuaren aurkezpena Karakaten bertan, aparkalekuan, 11:00etan. Jesus tapiak aurkeztuko du liburua, Bergara, Soraluze eta Elgoibarko alkateek parte hartuko duten ekitaldian. Morkaiko mendizale elkarteak herritik elkarrekin joateko deia egin du, 9:00etan abiatuko dira Kalegoen plazatik. Liburuaren aurkezpenaren ostean, haurrentzako tailerrak egongo dira, Hezur Museoko José Julián Márquezen eta Galemys enpresaren eskutik, eta 12:30 aldera salda eta txorixoa banatuko dituzte. Ekitaldira joaten direnek liburuaren ale bat eskuratu ahal izango dute debalde.
Antolatzaileek jakinarazi dute egun horretan Soraluzetik Karakatera igotzeko bidea itxita egongo dela autoentzat, baina nahi duenak autobus zerbitzua izango duela, Soraluzeko Mendiola industrialdetik. 9:00etan jarriko dute martxan autobusa, eta azken jaitsiera 13:30ean egingo du. Autobusez igotzeko izena eman behar da turismoa@debegesa.eus helbidean. Soraluzeko Udalak San Andresetik Karakatera doan errepidea itxiko du 09:00etatik 13:30era. Ekitaldira joan nahi dutenei oinez edo autobusez bertaratzea gomendatu diete antolatzaileek.
• Indusketarako boluntarioak
Bestalde, indusketei dagokienez, aurten Maurketa eta Kurutzebakarreko dolmenak indusiko dituzte, maiatzaren 29tik aurrera egingo dituzten lanetan. Horretarako Aranzadik, urtero bezala, boluntarioak eskatu ditu. Interesa duenak jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzi dezake.
• Igandean bisita gidatua
Domeka honetan, ekainaren 12an Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko bosgarren bisita gidatua egingo dute; gazteleraz izango da, 9 kilometroko ibilbide lau eta errazean; aurrez eman behar da izena. Izena emateko, 657 794 677 telefonora deitu, edota https://www.debabarrenaturismo.com/eu/dolmenen-ibilbidea/bisita-gidatuak webgunean dagoen formularioa bete.
Bisita Karakateko aparkalekutik abiatuko da, 10:00etan. Ibilbide gidatuak 9 kilometroko luzera eta 4 orduko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetarainoko joan-etorria. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa. Gomendatzen da mendi ibilbideetarako oinetako egokiak, kapela eta eguzkitarako krema eguraldi ona eginez gero, ura eta jateko zerbait eramatea.
Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko Udalek urteak daramatzate, Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera ematen eta ahalegin horren barruan kokatzen dira urtero antolatzen diren bisita hauek.
Guztira 10 bisita antolatu dira, 4 euskaraz eta 6 gazteleraz.
- Ekainak 12 (gazteleraz)
- Uztailak 12 (gazteleraz).
- Abuztuak 15 (gazteleraz).
- Irailak 25 (euskaraz).
- Urriak 2 (gazteleraz).
- Urriak 9 (euskaraz).