Zenbait taldek uko egin behar izan diote Estatuko Lehen Nazional Mailan jokatzeari, eta libre gelditu diren plaza horiek betetzeko, igoera faseetan bigarren postuetan sailkatu ziren taldeei ematen die aukera Espainiako eskubaloi federazioak. Halaxe heldu zaio aukera Alcortari, eta baiezkoa eman dute. Hala, Euskal Herriko eta Aragoiko taldeak izango ditu aurkari Alcortak hurrengo denboraldian, bere multzoan.
Hortaz, ospatzeko arrazoi bat gehiago izango du Sanlok denboraldiari bukaera emateko zapatuan, ekainaren 25ean, egingo duten Sanlo Festan. Pandemia aurreko ohitura berreskuratuz, bazkari baten bueltan agurtuko dute denboraldia jokalari, entrenatzaile eta Sanloren bueltako beste hainbat lagunek. Denboraldiko jokalari aipagarrienak ere sarituko dituzte eta musika eta dantzarik ere ez da faltako.