Kataluniako Sant Vicenç taldeak lortu du igoera Elgoibaren jokatu duten fasean

Barren.eus 2022ko mai. 15a, 15:40

Batzelonako Fundació Handbol Sant Vicenç eskubaloi taldeak irabazi du barikutik gaur arte Olaizagan jokatu duten Lehen Nazional Mailarako igoera fasea. Etxeko taldeak, Alcorta Forging Groupek, bigarren bukatu du Lauko Finala; baina, saririk gabe.

Hainbat zale etorri dira Sant Vicenç dels Horts (Baix Llobregat, Bartzelona) herritik, euren taldea animatzera, horietako batzuek gaur goizean 10:00etan jokatu duten partida ikustera ere etorri dira, goizaldean bost orduko bidaia autoz eginda. Izan ere, hirugarren eta azken jardunaldi honetan bere esku zuen igoera lortzea Fundació Handbol Sant Vicenç taldeak. Barikuan Alcortari irabazi eta zapatuan Loyola talde nafarrari gailendu ostean, Errioxako Gourmet del Mar Calasancioren aurkako partida irabazita eurena zen igoera. Eta ez dute hutsik egin. Hori bai, uste baino emaitza estuagorekin lortu dute garaipena, azken jardunadira aurreko bi partidak galduta iritsi den Errioxako taldearen aurka irabazita. Kataluniarrek 26-24 irabazi dute, eta hala, hiru garaipen lortu eta gero Lehen Nazional Mailako taldea da Sant Vicenç.

Kataluniarrek eta errioxarrek jokatu duten partidaren amaieran hasi da igoera faseko azken neurketa, Alcortaren eta B.M. Loyolaren artekoa. Igoera lortzeko aukerarik ez zutela jakin arren, bi taldeek dena eman dute kantxan, eta Alcortakoek bereziki, zaleei garaipen batekin eskertu nahi zietelako jaso duten babesa. Hiru jardunaldietan zalez gainezka egon dira Olaizagako harmailak eta demaseko eskubaloi giroa egon da. Azken partidari dagokinez, lehen zati parekatua jokatu ostean, Alcortak gol batzuetako errenta hartu du bigarrengoan, eta amaierara bitartean gizendu besterik ez dute egin markagailuko abantaila. 28-21-eko emaitzarekin irabazi du Alcortak. Hortaz, jokatutako hiru partidetatik bi irabazi ditu etxeko taldeak (Atzo 20-14 irabazi zion Calasanciori). Alcortako entrenatzaileek aurreikusten zuten moduan, igoerarako giltza Sant Vicenc taldearen aurka jokatutako lehen partidan egon zen. Final bat modukoak baitira horrelako fase motz eta parekatu bateko partida guztiak.

•Zigor Esnaola: "Olaizagan bizi izan dugunak ez dauka preziorik"
Pena puntu batekin, baina jolarariek egindako lanarekin harro dago Alcortako entrenatzaile Zigor Esnaola, eta eskertuta, oso, zaleengandik jaso duten babesagatik. "Zoritxarrez ezin izan dugu lortu lehen mailara igotea, baina hiru egun hauetan Olaizagan bizi izan duguna ezin da diruarekin erosi, ez dauka preziorik. Mutilek duten dena eman dute. Sant Vicenc gu baino gehiago izan zen eta horregatik eskuratu dute lehen postua eta igoera. Guk beste bi taldeei irabaztea lortu dugu, faseko bigarren geldituz, eta oso harro gaude. Baina, batez ere, zaleak nabarmendu nahi ditut. Ikustekoa izan da nola egon den Olaizaga, eta nola animatu duten harmailetatik, zelan lagundu eta bultza gaituzten uneoro. Horrekin geratzen naiz, Olaizagak eta eskubaloiak Elgoibarren duten indarrarekin", esan du Esnaolak partida amaitu berritan eginiko adierazpenetan.
Partidaren amaieran, eta baita sari banaketa ekitaldian ere, agerian gelditu da taldearen eta zaleen artean dagoen harremana. Gainera, igoerarik lortu ez arren, Euskadiko txapeldunari dagokion oroigarria jaso du Alcortako kapitain Iker Izetak, eta beraz, izan dute zer ospatua ere igoera fasea aho zapore on batekin amaitzeko. 2021-2022 denboraldian Euskadiko Ligaren Txapeldun izan da Alcorta, eta igoera lortzeko pauso batera gelditu da.

 

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia sant vicenc txap

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia sant vicenc txap taldedanak BARREN

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia alcorta euskadiko txap

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia elgibar amaiera BARREN

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia alcorta geldiketa

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia alcorta zaleak BARREN

2022 05 14 igoera fasea eskubaloia alcorta defentsan BARREN