Uztailean hasiko dituzte Errotaberriko igogailu publikoa eraikitzeko lanak

Barren.eus 2022ko eka. 24a, 08:08

Urdinberri Viuda De Sanz enpresak egingo ditu Errotaberriko igogailu publikoa egiteko lanak, eta 457.322,78 euroko aurrekontua izango dute, BEZa kanpo.

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, uztailera hasieran ekingo diote Errotaberriko igogailua eraikitzeko lanei. UTE Urdinberri Viuda De Sanz enpresak egingo ditu lanak, lehiaketa publikoan puntuazio altuena eskuratu baitu. Hitzartutako exekuzio-epea zazpi hilabetekoa da, eta honenbestez, udalaren asmoa da 2023ko martxorako amaituta izatea.

Errotaberrin dauden eskailera mekanikoek 2021ko martxoan laga zioten funtzionatzeari, matxura baten ondorioz. Arazo teknikoak handiegiak zirela ikusita, konpontzea baino hobe zela igogailu publikoa eraikitzeko asmoa aurreratzea erabaki zuen Udalak. Jarraian, proiektua idatzi zuten, eta, Sallobente erreka ondotik igarotzen dela-eta, URA Uraren Euskal Agentziak lanak egiteko baimena eman ondoren, lizitazioa gauzatu dute.

Udaletik zehaztu dutenez, igogailu berriak 15'55 metroko altuera edo maila gaindituko du, eta irisgarritasuna "nabarmen" hobetuko du, eskailera mekanikoak erabili ezin zituzten mugikortasun urriko pertsonentzat ere balioko baitu.
Igogailuak zortzi lagun garraiatzeko gaitasuna izango du, 630 kilora arteko mugarekin. Kabinak honako neurriak izango ditu: 1.100 mm x 1.400 mm x 2.100 mm. Igogailuaren dorrea ageriko hormigoi armatuzkoa izango da, eta aurrealdea libre utziko du, erabiltzaileek ikusgarritasuna izan dezaten. Beirazko itxitura batekin estalita egongo da. Igogailua egongo den dorrea San Roke espaloiarekin lotzeko 8,33 m-ko pasabide metaliko bat erabiliko dute.