Uztailaren 2an, zapatua, jokatuko dute bigarrengoz LaRoita Erronka. Antxon De La Arada, Ioritz Leiaristi eta Ivan Rogel arituko dira lehian aurtengoan, eta iazko erronka bera jokatuko dute; alegia, Mutrikuko portua, Elgoibarko plaza eta Karakateko tontorra lotuko dituzte triatloian: igerian, bizikletan eta saltaka.
Baina kirol erronka baino gehiago izango da aurtengoa, egun osoko egitarauarekin jantzi baitute eguna. Kirol erronka 9:30ean hasiko dute Mutrikuko portuan, eta 11:30ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Karakate gainean. Antolatu duten porraren irabazlea ezagutzera emateko ekitaldia ere egingo dute, 13:30ean, Maalan. Jarraian, poteoa hasiko dute Mauxitxa txarangak girotuta. Gero, bazkari-herrikoia egingo dute Karakate jatetxean, 15:30ean. Bazkalostean herrigunera gerturatuko dira berriro, 18:30ean hasiko duten Karropoteoarekin. Karakate jatetxetik Gaztetxeraino egingo dute. Eta egunari amaiera emateko, Jezy´s Tyros taldearen rock kontzertua antolatu dute. 20:00etan hasiko da Sutegixa Gaztetxean. Antolatu dituzten ekitaldietan edonork parte har dezakeela zehaztu dute.
Erronkarako giroa berotzen ere aritu dira egunotan LaRoitakoak. Bi lehiakide, Antxon De La Arada eta Ioritz Leiaristi Nahaste Borrasten lehiatu zirela nabarmendu dute, erronka prestatze aldera. Aldiz, hirugarren lehiakideak, Ivan Rogelek, nahiago izan zuela Ondarroara parrandara joan esan dute sare soozialen bidez zabaldutako mezuan. Lehiakideen estrategia desberdinak gorabehera, galdera bota dute: noren alde egingo zenuke apostua?
Iaz egin zuten moduan, LaRoitakoek zuzenean emango dute erronka, Youtube bidez eta Instagram bidez, esatarien komentarioekin.
∞Lotura duten albisteak:
- LaRoitakoek bigarrengoz jokatuko dute erronka, baina formatua aldatuta (2022-06-02)
- Odriak irabazi dio De La Aradari ikusmin handia sortu duen erronka (2021-06-26)