Skate eta RC autoen erakusketak, futbol partidak, xake txapelketa eta kontzertuak izango dira bihar Mendaron, 'Zerua eta garia' azokaren baitan

Barren.eus 2022ko uzt. 15a, 11:29

'Zerua eta garia' egitasmoaren baitan, Gazteen Eguna ospatuko dute zapatuan (uztailak 16) Mendaron, eta xake txapelketa, RC autoen eta Skate erakusketak, C.D. Elgoibarko nesken partidak eta gauerako iragarri dituzten kontzertuak izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak.

Egitarau zabala antolatu dute biharko Zerua ta garia egitasmoaren antolatzaileek. Goizean, bisita gidatuak antolatu dituzte Mendaroko txokolategira. 10:00etatik 13:00etara bitartean egingo dira bisitak, zortzi laguneko taldeetan. 10:30ean zabalduko dute, era berean, Ukrainako jantzi tradizionalen erakusketa, jubilatuen ondoko lokalean, eta bazkalaurretik, ekintza ezberdinak egingo dira, bai Herriko Enparantzan eta baita Maite Maiora kirolgunean ere. RC autoen erakusketa, xake txapelketa eta mahai-jolasen erakusketa egingo dituzte plazan, eta skate erakusketa, goian, kirolgunean. Debako IPAR surf eta skate eskolak antolatu du skate erakustaldia 5 urtez gorakoentzat. Babeserako materiala eraman beharko da, baina ez da derrigorra izango skate taula eramatea (11:00etatik 14:00etara). Frontoian, bestalde, nesken futbol partidak jokatuko dituzte. C.D. Elgoibarko neskak izango dira eta helburu nagusia, nesken futbola plazaratzea izango dela zehaztu du Mikel Tarragual antolatzaile taldekoak. Era berean, udaletxeko arkupeetan Motanka panpinak egiteko tailerra ere antolatu dute, 10:30etik 13:00ak bitarterako.

2022 07 15 zerua eta garia mendaro skate goiza

13:30ean hasiko dira azoka-gunean, frontoian, bazkaria zerbitzatzen. Gogoratu garagardo azoka bateko ohiko menua izango dela biharkoa. Hau da, ukondo errea (12,50 euro), oilasko izterrak (11,50) edota saltxitxak (7,50 euro) eskatu ahal izango direla, eta kafea ere zerbitzatuko dutela. Bazkalostean ere betea dator egitaraua. Hasteko, artozko aingeruak egiteko tailerra antolatu dute 17:30etik 19:30ak bitarterako, frontoian. 18:00etan, berriz, kontzertuak hasiko dira, Herriko Enparantzan. Gararock taldeak antolatu ditu biharko kontzertuak eta lau izango dira talde gonbidatuak: Piztiak, Aterkings, Ellie Jensen eta Dawanada. 

2022 07 14 zerua eta garia kontzertuak kartela • Kontzertuak

  • Dawanada: Debako hirukote gazte honek surf eta rock kutsuko musika instrumentala joten du.
  • Jellie Jensen: Hiru musikari gaztez osatutako talde elgoibartar honek funk eta rock estiloko abestiak lantzen ditu.
  • Aterkings: Markinako eta Elgoibarko kideez osatuta dago Aterkings. Kontzertuetara joatearen poderioz elkar ezagutu zuten eta elkarrekin jotzen hasi ziren. Lehenago, 6nemen9, Uler 600, Taupada eta Lurrin taldeetan ibilitakoak ziren horietako batzuk. Hala ere, Aterkings-en rock&roll klasiko eta punk-rock aldera jo zuten.
  • Piztiak: Txomin Uribek (gitarra eta ahotsa) eta Josu Aranbarrik (ahotsa eta baxua) sortu zuten Piztiak talde ondarruarra. Biak ala biak Tu-k pop-rock taldean aritu ziren 80ko hamarkadaren amaieran, eta euskal talde onenari emandako saria irabazi zuten Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan. Rock&roll taldea da Piztiak, gitarren indarrean eta ahotsaren melodian oinarritzen dena, baita hitzen kutsu poetikoan ere —Kirmen Uribek idatzi ditu horietako asko—. Taldea inoiz desegin ez bada ere, etenaldi luzeak izan ditu.

 

 • EGITARAUA (Uztailak 16, zapatua)

  • 10:00-13:00 Mendaroko txokolategira bisita gidatuak zortzi laguneko taldeentzat.
  • 10:30-12:30 / 17:30-19:30 Ukrainako jantzi tradizionalen erakusketa, jubilatuen ondoko lokalean.
  • 10:00-14:00 RC autoen erakusketa, plazan.
  • 10:00-14:00 Xake txapelketa, plazan.
  • 10:30-14:00 Mahai-jokoen erakusketa, plazan.
  • 10:30-13:00 Motanka panpinak egiteko tailerra, frontoian.
  • 11:00-14:00 Skate erakusketa, Maite Maiora kirolgunean.
  • 13:30 Bazkaria, frontoian.
  • 17:30-19:30 Artozko aingeruak egiteko tailerra, frontoian.
  • 18:00-20:30 Dawanada eta Ellie Jensen taldeen kontzertuak, plazan.
  • 20:30 Azoka, frontoian.
  • 22:30-02:00 Piztiak eta Aterkings taldeen kontzertuak, plazan

 • Atzo aurkezpena; gaur enpresen eguna
Atzo zabaldu zuten 'Zerua eta garia' garagardo-azoka. Diruz lagundu asmo dituzten hiru elkarteen (Asociación Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ucrania-Euskadi) egitekoen berri eman zuten horietako ordezkariek, eta bere testigantza azaldu zien Anhelina Drozd ukraniar gazteak San Agustin kulturgunean batu ziren gazteei. Gaur, berriz, Enpresen Eguna izango da azokan.

2022 07 14 zerua ta garia mendaro tarragual Anhelina Drozd ukrainarra testigantza

2022 07 15 zerua eta garia garagardo azoka frontoian BARREN

2022 07 15 zerua eta garia garagardo azoka topa frontoian BARREN

2022 07 14 zerua ta garia mendaro ukrainako koroak tailerra BARREN

∞Lotura duten albisteak: