Garagardo azokaren barruan, Enpresen Eguna ospatuko dute bihar Mendaron

Barren.eus 2022ko uzt. 14a, 10:54

Inguruko enpresetako beharginei eskainitako eguna ospatuko dute bihar, uztailak 15, Mendaron, 'Zerua eta garia' garagardo azokaren barruan. Herri bazkaria, jolasak, jantzi tradizionalen erakusketa eta Inna Likarchuken, umetan Soraluzera etorri ohi zen ukraniarraren, testigantza lotu dituzte biharko.

'Zerua eta garia' egitasmoak bigarren eguna izango du bihar, enpresei eskainitakoa. Gaurko bidetik, bihar ere aurkezpen bat egingo dute goizean, eta Inna Likarchuk (Ivankiv, Kyvska Oblast) 32 urteko ukraniarra gonbidatuko dute Mendarora, testigantza ematera. Ume zela, 2000. urtetik 2007ra bitartean, Soraluzera etorri izan zen udaro, harrera-familia batera. Ivankivekoa da sortzez, ezkondua dago, 32 urte dauzka eta eta bi alabaren ama da, eta apirila aldera, Errusiarrek Ivankivetik alde egin zutenean hartu zuen Euskal Herrirako bidea. Soraluzeko harrera-familiarekin harremanetan jarri eta alabekin batera etorri zen hona, apirila erdi aldera. San Agustin kulturgunean arituko da Ina Likarchuk, azokan biltzen den diruarekin lagundu asmo dituzten hiru elkarteetako kideekin batera solasean. 12:00etatik 14:00ak arteko solasaldia izango da.

Azokako gune zentrala frontoian egongo da bihar ere, hala ere. Berrehundik gora lagun izena emanda zeuden joan zen astean bazkaritarako. Inguruko enpresetako langileak dira gehienak, biharkoa haiei eskainitako eguna delako garagardo azokan. Hala ere, oraindik badago bazkaltzera joateko aukera, baina interesa dutenei, ahal dela, izena emateko eskatu diete antolatzaileek (943 030 150)

Menu itxia da biharkoa. Ukondo errea, oilasko izterrak edo saltxitak, kafea eta postea 20,50 euroan emango dute, eta konbinatua nahi duenak 5 euro gehiago ordaindu beharko ditu. Bazkalosterako lehiaketa ezberdinak antolatu dituzte, eta parte hartzen dutenen artean "sari erakargarriak" zozkatuko dituzte: eskualdeko jatetxe ezagunetan otorduak, Errioxako ardandegietara bisitak, umeentzako opariak.... Jolasetan parte hartzeko, azokan erosi beharko den pitxerra itzuli beharko da eta haren ordez kilimontxo bana banatuko dute antolatzaileek, lehiaketetan parte hartzeko.

 • EGITARAUA (uztailak 15, barikua)

  • 10:30-12:30 / 17:30-19:30 Ukrainako jantzi tradizionalen erakusketa, jubilatuen ondoko lokalean
  • 12:00 - 14:00 Elkarteen aurkezpena eta testigantzak, San Agustinen
  • 14:00 Bazkaria
  • 18:30 Esther DJaren saioa eta enpresetakoen arteko futbolin eta hiruko saskiratzeen txapelketa
  • 19:00 Zezen mekanikoa
  • 20:30 Afaria, frontoian
  • 23:30 Esther eta Vandeep DJen saioa
  • 01:00etatik aurrera Ormolan jarraituko du jaiak

 2022 07 14 zerua eta garia mendaro letrak frontoian

∞Lotura duten albisteak: