Kirol argazkien lehiaketan parte hartzeko azken eguna izango da uztailaren 22a

Barren.eus 2022ko uzt. 20a, 07:54

Elgoibarko Udalak, Ongarri Argazkilari elkartearekin lankidetzan Elgoibarko Kirol Argazkien lehiaketa jarri du martxan, eta barikuan da argazkiak aurkezteko azken eguna.

Gaia kirola da, eta partaide bakoitzak lau argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez.

Interesa duen orori dago zuzenduta, haur, gazte zein nerabe, profesional edo zaletu orori, eta gai nagusia, noski, kirola izango da, bere arlo zein modalitate guztietan.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, originalak eta argitaratu gabeak. Argazki horiek, halaber, paperean aurkeztu beharko dira, koloretan nahiz zuri-beltzean, eta irudiak tratatzeko edozein prozedura edo teknika onartuko da.

Lanak Olaizaga kiroldegian aurkeztu behar dira (32. posta kutxatilan) uztailaren 22a baino lehen. Argazki bakoitzaren atzean izenburua edo leloa eta zein mailatara (herritarrak, gazteak, orokorra) aurkezten den adierazi beharko da, eta horrekin batera, partaidearen datuak kartazal baten barruan.

Epaimahai batek aukeratuko ditu argazki saridunak, eta saria jasotzeaz gainera, argazki erakusketa bat egingo da Olaizaga kiroldegian, irailaren 1etik 30era bitartean.

Mailak eta sariak:

  • HERRITARRENTZAKO SARIA: Elgoibarren bizi direnek aurkeztutako argazkirik onena sarituko da. Saria: 200 €
  • GAZTEENTZAKO SARIA: 18- 30 urte bitarteko gazteak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak. 1. saria: 300 € | 2. saria: 200 €
  • SARI OROKORRA: 30 urtetik gorakoak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak. 1. saria: 300 € | 2. saria: 200 €

Informazio gehiago Udalaren elgoibar.eus webgunean aurkituko duzue. Ikus hemen lehiaketan parte hartzeko oinarriak.