Georgiako eta Guinea Bissauko dantzariek hartuko dute parte Nazioarteko Folklore Jaialdian, Haritzekoekin batera

Barren.eus 2022ko uzt. 20a, 13:06

Nazioarteko Folklore Jaialdia bariku honetan, uztailaren 22an, izango da Maalako parkean. Aurten Georgia eta Guinea Bissauko dantzariek hartuko dute parte Haritzekoekin batera, eta modu horretan, haien herrialdeetako eta Euskal Herriko dantzez gozatzeko aukera izango dute ikusleek.

22:30ean hasiko da jaialdia.
 • Netos de Bandim, Guinea Bissautik
Guinea Bissautik Netos de Bandim Kultur Taldea etorriko da. 2000. urtean sortu zuen Haurren Lagunen Elkarteak, Bandim auzoko haur eta gazteen integrazio soziokulturala errazteko asmoz, eta taldearen helburu nagusia pobrezia larrian bizi ziren behartsuenei elkarbizitzarako espazio bat eskaintzea eta musikaren, antzerkiaren eta dantzaren bidezherritarren jardunbide egokiak irakastea da. Talde hau "ezinbestekoa" izan da Ginea Bissauko Ondare Kulturala babestu, baloratu eta zabaltzeko.
 • University, Georgiatik
University taldea David Kikvadzek sortu zuen 1996an. Georgiako dantzariek bakarka, binaka eta taldeka aurkezten dituzte beren dantzak. Berezko grazia eta xarma du, ballet klasikoarekin aldera daitekeena, non emozio eta sentimendu bakoitzak bere mugimendu tradizionala duen. Samurrak eta lasaiak dira, urrats txikiak egiten dituzte eta dantzariek irrist egiten dutela ematen du. Gizonezko dantzariek oso teknika originala dute, munduko beste edozein dantzarik ez bezala; behatzen gainean dantzatzen dute eta oinetakoetan inongo babesik gabe. University taldeak hainbat herrialdetako jaialdi askotan parte hartu du: Mexiko, Amerikako Estatu Batuak, Brasil, Argentina, Espainia, Ukraina, Frantzia, Errusia, Txina, Turkia, Italia, Portugal, Errumania, Bulgaria, Hungaria, Polonia, etab.

2022 07 20 unibersity georgia folklorea
 • Erronkariko Ttun-ttuna eta Korteseko dantzak
Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek bi zatitan bereiztuko dute aurtengo jaialdia, pandemia aurretik egiten zuten moduan. Lehen zatian, Erronkari bailarako Ttun-ttuna dantzatuko dute. Dantza hauek egiteko erabiltzen dituzten jantziak, Erronkarin erabili ohi zituzten arropak dira, hotzari aurre egiteko modukuak. Bigarren zatian, berriz, pandemian zehar etxean ikasten hasi ziren Kortesko dantzak plazaratuko dituzte. Nafarroako Korteseko herrian Mikel Deuna egunean dantzatzen dira makil-dantza hauek. Kortesko Paloteadoan egiten diren dantzak honakoak dira: makil dantzak, zinta dantzak eta kortesiak. Ez da ezagutzen paloteado honen jatorria, baina 1883ko idatzizko aipamen zaharrenaz geroztik, ia etenaldirik gabe dantzatu da. Antzina gizonezkoek bakarrik egiten zuten dantzan, baina 1950-1960 inguruan emakumeak hasi ziren txertatzen. Arropen historia ere aipagarria da: XIX mendean galdu egin zen jantzion erreferentzia zehatza, baina P. Barandiaranen lanari esker 1965ean, Frantziako herri txiki baten, antzinako paloteadore baten grabatua aurkitu zuten. Gerora, 1994an, nesken jantziak estreinatu zituzten. Haritz taldekoek duela 15 urte plazaratu zituzten estreinakoz Cortesko dantzak. "Hasieran Elai-alai Portugaleteko dantzariekin ikasi bagenituen ere, gerora, Cortes bertako Maria Alcaide dantza irakasleakin berrikasi genituen", azaldu dute.

2022 07 20 2021 07 23 folklore jaialdia elgoibar ipar irlanda haritz

∞Lotura duten albisteak: