10:30ean abiatuko dira prozesioan Azpilgoetatik Garagartzara eta han ospatuko dute meza, bai eta mezaostekoa ere, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Uxue Alberdi eta Eli Pagola bertsolariekin -Amaia Agirre arituko da gai jartzen-. Azkeneko hamabost urtean hiru aldiz jaitsi dute festa behera, 2009an, 2016an eta 2019an, Santa Ana ermita bueltan luizi bat izan zelako 2019an [Trinitaten ospatu zuten orduan], eta eguraldi txarragatik beste bietan, baina aurten arrazoia beste bat izan da. Ermitako teilatua ez dago egoera onean, eta segurtasunaren izenean han mezarik ez ematea hobetsi zuen parrokoak. [Mendaroko herriak auzolanean konpondu zuen azkenekoz, 1982. urtean, Angel Bazterretxea parroko zela (1936-2019)].
Udaletik, orduan, meza eta ondorengo jaia Santa Anako parkean ematea proposatu zieten aldeei, parrokoari eta Bustiñalde elkartekoei, haiek direlako txosna jarri ohi dutenak, baina aukera horrek ez zuen aurrera egin. Meza Garagartzan emanda, prozesioa behetik gora egitea izan zen Udaletik egin zuten bigarren proposamena, bertsolari eta trikitilarien kalejira Santa Anan hastearren, baina ospakizuna zatitzeak zentzurik ez zuela arrazoitu zuten aldeek. "Santa Anakoa berezia izaten da eta badugu arantza hori, baina aurten hala izan beharko du. Hori bai, espero dugu Santa Ana konpontzea, ez genukeelako hango jaia behin-betiko galtzerik nahi", esan du Borja Rodriguez Bustiñalde elkarteko kideak.