Antolatzaileek zabaldu dute Debabarreneko VI. Orientazio Raidari buruzko informazio teknikoa. Hau da, probak izango dituen distantziak, desnibelak zein proba bereziak. Proba berezi horietako bat kobazuloren batean jokatuko dutela ere aurreratu dute. Baliza guztiak aukerazkoak izango dira eta orden librean jaso ahalko dituzte lehiakideek, hortaz, ibilbidea bikote bakoitzaren gaitasunen arabera diseinatzeko aukera egongo da. Abentura bezala ezagutzen den proba honek, bikoteka egiten dena, 7 orduko iraupena izango du. Parte hartu nahi baina bikoterik ez dutenek ere badute parte hartzeko aukera. Interesdunek debabarrenaraid@gmail.com helbidera idatzi behar dute hemen eskatzen zaien informazioa emanez, eta antolatzaileek egingo dute bikoteak osatzeko ahalegina.
• Raid familiarra
Familia Raida, bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko dute (horietatik bat, gutxienez, adinez nagusikoa). Raid bat orientazio proba bat da, eta helburua, mapa batean markatutako puntu gehienetatik pasatzea da, probak irauten duen bitartean. Dena dela, bakoitzaren ahalmenaren arabera proba moldatzeko aukera egongo da.
Antolatzaileek mapak banatuko dizkiete parte hartzaileei proba hasi aurretik. "Mapa horietan hainbat leku egongo dira adierazita eta parte hartzaileek leku horietara iristen saiatu beharko dute, nahi duten ordenean eta nahi duten bidetik. Markatutako leku bakoitzak puntu bat edo gehiago eman ditzake, eta helburua da, ahalik eta puntu gehien batzea. Proba oinez edo korrika txikian egin ahalko da. Tartean, joko eta proba bereziak egongo dira, besteak beste, pictionary, eskorga jokoa, slackline, hondartzan jokoak edo orientazio joko espezifikoak", azaldu dute. Zortzi kilometroko ibilbidea osatu beharko dute bi ordu eta erdiko epean.
Proba 11:00etan hasiko da, baina 10:30ean Debako Alamedako musika kioskoan egotea komeni dela ohartarazi dute, emango dituzten azalpenak jasotzeko.
• Proba bereziak ondorengoak izango dira:
- Pictionary: Mapan PE1 bezala adierazita egongo den puntura iristean, antolakuntzako kide batek, taldeko partaide bati bi hitz esango dizkio. Taldeko partaide honek, hondarretan marraztu beharko ditu lehenengo hitz bat eta gero bestea, eta taldeko beste partaideek zein hitz diren asmatu beharko dute proba honek ematen dituen puntuak eskuratzeko. Ezingo da ez hitz egin, ezta keinurik egin ere. Marraztu bakarrik egin ahal izango dute.
- Eskorga jokoa: Guraso edo taldeko pertsona heldu batek, umeak hanketatik heldu eta hauek eskuetaz bakarrik baliatuta eta guraso edo helduaren laguntzaz, distantzia jakin bat egin beharko dute probako puntuak eskuratzeko. Taldean doazen ume guztiek egin beharko dute distantzia jakin hori.
- Slackline: Bi zuhaitzetara lotuta egongo den sokan, distantzia jakin bat egin beharko dute taldean parte hartzen duten ume guztiek. lurra ikutu gabe.
- Mendiko bizikleta (Distantzia: 3km / Desnibela: (+/-) 10m): Proba guztirako banatuko den mapan, PE4 bezala markatuta egongo den baliza batera joan beharko dira taldekide guztiak bizikleta erabiliz. Irteera/helmuga gunetik irten eta bertara bueltatu beharko dute puntuak eskuratzeko.
∞ Lotura duten albisteak:
- Irailaren 17rako antolatu dute Debabarreneko Orientazio Raida (2022-07-05)
- Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako orientazio raidean (2019-05-30)
- Euskal Raid Aralar eta Sagondo taldeak nagusi Debabarrenako orientazio raidean (2018-06-07)
- Larrinaga-Intxaurrandieta eta Del Campo-Irastorza bikoteak gailendu dira Debabarreneko hirugarren raidean (2017-05-06)
- Gaizka Agirre eta Aaron Garmendia irabazle Debabarrena raidean eta Lariz eta Irazabal elgoibartarrak bigarren (2016-09-27)
- 37 bikotek hartu zuten parte Debabarreneko estreinako raid-ean (2015-09-28)