Goizean goizetik dultzaina doinuek hartuko dituzte herriko kaleak, eta Elgoibarko dultzaineroak ez dira bakarrik egongo: Arrasateko, Bilboko, Guardiako, Eltziegoko, Tuterako, Iruñeko, Artaxoako, Zaragozako eta Baigorriko dultzaineroak izango dituzte lagun Txomin Mujikak, Ricardo Gorritik eta Aitor Novak.
Dianarekin hasiko dute eguna 10:00etan, eta herriko txoko guztiak dultzaina doinuz jantziko dituzte. Segidan, Udal Musika Bandak eta Iruñeko dultzaineroek kalejira egingo dute, eta 12:30ean kontzertu berezia eskainiko dute dultzainero taldeek Udal Musika Bandarekin, Kalegoen plazan. Eta ondoren, Dultzaina Eguna amaitzeko, dultzainero talde guztiek Elgoibarko kaleak girotuko dituzte kalejiran.
• Dultzaineroen urtea
2022a Elgoibarko dultzainero taldearen urtea izaten ari da. 50 urte pasatu dira 1972ko Natibitate egunean estreinakoz dultzaina doinuak Elgoibarko kaleetan entzun zirenetik, eta urteurren hori ospatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte urte osoan zehar. Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak dultzainero taldea omendu zuen urtarrilean, eta sanbartolomeetan jaiei hasiera eman zien txupina bota zuten. Domekan jarrituko dute ospakizunekin.
∞Lotura duten albisteak
- Dultzaineroek piztu dute sei egunez festa giroa bizirik mantenduko duen suziria (2022-08-23)
- Elgoibarko dultzaineroak omendu dituzte filatelia elkartekoek (2022-01-22)
- Dultzaina zaharretik aire berrietara (2022-01-21)