Elgoibarko dultzaineroak omendu dituzte filatelia elkartekoek

Barren.eus 2022ko urt. 22a, 13:54

Gaur, zapatua, izan da Altzolatarren dorretxea filatelia elkarteak antolatutako zigilu erakusketaren azken eguna. Zigiluak ikusgai ipintzeaz gain, ohiturari jarraituz, omenaldia ere egiten diote pertsona edo talde esanguratsuren bati eta aurten, bere 50. urteurrena dela eta Elgoibarko Dultzaineroen taldea omendu dute.

Plazatik Kultur Etxeko Sotora bitarteko bidea dultzaina eta danbor soinuei segika egin dute filatelia elkartekoak, erakusketan parte hartu dutenek eta omenduen senitartekoek, baita beste hainbat herritarrek ere.

Sotoan egin dute ekitaldia eta Jose Mari Etxanizek egin du sarrera dultzaineroak jaiekin lotzen ditugula esanez eta filatelikoen jai egunean alkateari hitza emanez. Ane Beitiak dultzaineroak zoriondu ditu, bai, baita filatelia elkartekoak eskertu ere, zigiluak ikusgai jartzeaz gain, herriko jende esanguratsua gogoan hartu eta herritarrei haien berri zabaltzen egiten duten ahaleginarengatik.

Euskal Herriko Filatelia Federazioko presidenteak hitza hartu eta usadioak mantendu beharra azpimarratu du, bestela galdu egingo baitira eta zigilu erakusketarekin jarraitu behar dela ere esan du. Honek ere zoriondu ditu dultzaineroak jai giroari soinua ipintzearen tradizioa mantendu dutelako eta aurrerantzean ere mantentzera animatu ditu, zigiluetan baino bertatik bertara ikusi ahal izateko. Txomin Mujikak esan dio ilusio berarekin jarraitzea dela beren asmoa, ahal duten bitartean eta filatelia elkartekoei eskerrak eman dizkie: " Guk ez genion inori esan 50. urteurrena bete behar genuenik, baina filatelia elkartean adi ibili ziren eta beraiek izan ziren guri omenaldia egitea pentsatu zutenak eta gu pozik noski. Gure urteurrena modu politean hasi dugu horrela".

Ondoren, zigilu erakusketan bildumak ikusgai ipini zituztenei oroigarriak banatu dizkiete eta baita laguntzaileei ere. Dultzaineroek ere jaso dute, noski, oroigarria hiruek elkarrekin, baita dultzaineroen taldeko kide izan zen Victor Zubiaurreren emazteak ere.

Amaieran, Benito Atriok hartu du hitza filatelia elkartearen sorreratik gaur egunera arteko ibilbidean egindako lana baloratuz eta urte hauetan guztietan filateliak aurrera egiteko lan egin duten pertsonei eskerrak emanez, bildumagile zein bestelako laguntza eman duten guztiei. Baina azpimarratu du hori guztia ez litzatekeela posible izango Iñaki Armendariz taldekidearengatik izan ez balitz, beraz, hori ere eman diote oroigarria.

Ekitaldiaren aurretik dultzaineroek jardun duten moduan, amaieran hauen soinurik ere ez da falta izan Kultur Etxeko Sotoan.

 2022 01 22 zigiluak omenaldia dultzaineroei elgoibar BARREN

∞Lotura duten albisteak: