Iazko etena eta gero -Arraun Lagunakek irabazi zuen Kontxako Bandera- Oriok berreskuratu du Kontxako agintea eta Euskotren Liga ere irabazi du, "plenoa" eginez. Kontxan bi jardunaldiak irabazi zituzten orioarrek, emakumezkoen banderaren 15. ekitaldia eskuratuz.
• Hirugarrengoz irabazi duzu Kontxako Bandera. Nolakoa izan da hirugarrengo hau. Zer sentsazio laga dizkizu?
Hirugarren bandera hau oso berezia izan da bai niretzat eta baita nire taldekideentzat ere. Zalantza ugari eduki nituen denboraldi hasieran. Gainera, Xanti Zabaleta entrenatzaileak lagatzea erabaki zuen eta berarekin batera bederatzi arraunlarik ere laga zuten taldea. Hala, entrenatzaile berriaz gainera taldekide berri asko behar genituen, eta horrek esan nahi zuen talde bat osatzeko prozesua hutsetik hasi behar genuela, eta arraunkera berri bat bilatu beharko genuela, arraun talde berriari egokitutakoa. Eta aurrekoari gehitu behar zaio, ez nuela ondo ezagutzen Patxi Frances, Orio-Orialki taldea gidatzeko aukeratu zuten entrenatzaile berria. Buruari buelta asko eman eta gero, entrenatzaile berriak lan egiteko zuen erarekiko kuriositateak bultzatuta, taldean jarraitzea erabaki nuen. Eduki genituen aldaketa guztiok kontuan izanda, eta Euskotren Ligako lehen bi asteburuak nola joan zitzaizkigun, sekulako denboraldia egin dugu. Aurrekari guzti horiegatik, beharbada, aurreko urteetako garaipenak baino baloratuagoak izan dira aurtengoak.
• Denboraldiaren balorazioa egiguzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Patxi eta Rafa prestatzaileek lan handia egin dute eta ordu asko sartu dituzte gurekin, bai uretan eta baita fosoan ere, gure teknika hobetzeko lan etengabean, eta bistan da ordu guzti horiek, lan horrek, emaitza ona eman dutela. Hasierako estropadetan justu xamar ibili ginen arren, poliki poliki hobetzea lortu genuen, eta hamalau estropadatik hamabi irabaztea lortu dugu. Ez da edonolako marka.
• Berriro publikoaren berotasuna gertutik sentitu ahal izan duzue. Igarri duzue, bai estropadetan eta baita ospakizunetan ere?
Orio herri oso berezia da arraun munduan, arraun herri peto-petoa baita. Horregatik, beti sentitu dugu herritarren gertutasun eta berotasun hori. Adibide bat. Entrenamentu guztietan, egunero egunero, kuadrilla handi bat egoten da petrilean gure zain, animoak emateko. Ikaragarria da. Liga irabazteagatik egin ziguten harrera (ikus bideoan) eta Kontxako Bandera irabazi ostekoa (ikus bideoan) ere ikustekoak izan ziren; Orioko plaza guztia horiz jantzita zegoen, oso hunkigarriak izan dira ospakizunak. Benito Lertxundiren kantak dioen bezela; “ez zara inoiz bakarrik joango”, hori da estropadaz estropada sentitzen duguna.
• Talde kirola da arrauna, baina zu zeu nola sentitu zara talde barruan, zer balorazio egiten duzu zure denboraldiaz?
Hamar hilabete luze pasatzen ditugu entrenamenduekin, eta era guztietako momentuak bizi ditugum, onak eta txarrak. Hala izanik ere, inoiz ahaztuko ez dudan denboraldia izan da aurtengoa, ederra!
∞Lotura duten albisteak:
- Leire Garate: “Aurtengo ospakizuna intimoagoa izan denez, sentsazio guztiak patxadaz dastatu ditut” (2020-09-16)
- Leire Garate omendu zuen Sanlok arraunean lortutako garaipenengatik (2019-11-13)
- Leire Garate: “Arraunean neukan ametsa bete dut Kontxako Bandera irabazita” (2019-09-13)
- Leire Garatek Kontxako Bandera irabazi du Orioko traineruarekin (2019-09-08)
- Leire Garate Euskotren Ligan arituko da Orioko traineruarekin (2018-07-04)