Baserritarrek 9:00etatik 14:00etara bitartean salduko dituzte euren produktuak Kalebarren Plazan. Honako hauek hartuko dute parte: Lizundiatxabola Baserria, Basartesoroeta Baserria, eta “Lizagasar”.
Txozna 11:00etan zabalduko dute, eta oraingoan C.D. Elgoibarko kideek kudeatuko dute txozna hilabete honetan, eta edanaz gain, Elgoibarko baserrietako eta harategietako produktuekin osatutako pintxoak jarriko dituzte salgai. Oraingoan, Eusko Label Kalitatezko ezaugarria duen txahal sahiets pintxoak salduko dituzte 1,50 euroren truke, Elgoibarko baserrietan ekoizturiko barazkiekin batera.
Haur eta gaztetxoek ere izango dute lekua azokan. Baserrietan ekoizten diren produktuen berri izan dezaten, “Azoka Biziz” ekimenaren baitan “pista jolasa” egingo dute Elgoibarko Izarraren aisialdi taldearen eskutik. 12:00ak aldera izango da Kalebarren plazan.
Eguerditik aurrera ganadu erakusketa egingo dute, Aita Agirre plazan.
Azoka Debemen elkarteak antolatzen du, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Ekimen hau Debemen elkarteak bertako baserritarrek ekoizturiko produktuen kontsumoa bultzatzeko “Baserrikoa” ekimenaren barnean kokatzen da. Hileko azken zapatuko feria antolatzeko laguntzaileak, berriz, Gipuzkoa Foru Aldundia, Elgoibarko Izarra eta Armueta Harategia dira.