Gararock jaialdiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta boluntarioen lana nabarmendu dute

Barren.eus 2022ko ira. 29a, 13:37

Musika zaleen agenda markatu zuten aurreko asteburuan Sotoko Hotsak eta Gararockek. Eguraldia alde izan ez arren, arrakastatsua izan da aurtengo Gararock jaialdia. Azken ordura arte estutu zituen eguraldiak antolatzaileak eta beharbada hori izan da aurtengo berezitasuna.

Eguerdian, euria goian-behean zela ikusita eta atertzeko itxurarik ez zuenez, azken orduko mezua zabaldu zuten antolatzaileek sare sozialen bidez. Mezuan zioten Garagartzako plazan egitekoak ziren kontzertuak barruan izan beharko zirela ezinbestean. Onartu besterik ez zegoen, baina bistan zen ez zela erabakia inoren gustukua. “Garagartzako plazak xarma berezia du halakotarako”. Hala, arratsaldean, jaialdiko lehenengo ikuskizuna amaitu berritan -Naita produkzioak-en ‘Kontukontzertu’- eta Las Furiasen kontzertua hasteko ordu erdi eskas falta zela, antolatzaileek plazara itzultzeko apustua egin zuten, eguraldiari beste traza bat hartuta. Pentsatu eta egin!

2022 09 24 gararock boluntarioak mendaro arg juxe areta goni

2022 09 24 gararock mendaro J.A. Areta Goñi JUXE

Aldaketa, baina, ezin izango zuten gauzatu herri oso baten laguntzagatik izan ez bazen. Musikariak eta musikazaleak elkarrekin jardun ziren Gaztetxera jaitsitako musika-tresna, ekipo eta gainerakoak berriro plazara altxatzen. Eta esker on hitzak izan ditu Ina Iriondo musikari eta antolatzaile taldeko kideak haientzat: “Oso eskertuta gaude jendeari. 40 boluntario baino gehiagok eman zuten izena aurrelanetarako eta egunean bertan sortzen ziren lanetarako, baina azken orduan herri oso bat batu zitzaigun laguntzera. Eta eskerrak eman baino ezin dugu egin: eskerrik asko boluntarioei, Aitor Ederson soinu teknikariari eta haren taldeari, Uztargi Backstagea kudeatzeagatik, Udalari, eta kontzertuak entzutera etorri ziren musikazale guztiei eta musikariei, atzerapenak ulertzen jakin zutelako. Arlo artistikoari dagokionez ere oso balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta gustura ziren itxura batean zaleak ere, Garagartzako plaza bete egin zutelako, bereziki arratsalde-iluntze partean. Haurrak eta helduak, kontzertuak entzutera bildutakoak eta jai-giroaz gozatzera joandakoak. Aipagarria da Mendarotik kanpoko jende ugari bildu zela zapatuan Mendaron. Horrek erakusten du urtetik urtera indarra hartzen ari dela Gararock eta leku sendoa egin duela musika-jaialdien agendan. Alder artistikoari dagokionez, Las Furias, Inoren Ero Ni, Vulk, Lie Detectors eta Maraca Diablo, etxeko taldeak, ez zuten hutsik egin eta euren onena eman zuten, jendea dantzan jarriz.

Seigarren urtea izan du aurten Gararockek eta mantendu ditu sortzetik izan dituen ezaugarriak: dibertsioa eta musika ona, jaialdi handien energia eta jaialdi txikietan bakarrik topa daitekeen giro berezi hori. J.A. Areta Goñi "Juxe"ren argazki ikusgarrietan antzeman daitekeen giroa. Ikus hemen:

 

2022 09 24 gararock mendaro J.A. Areta Goñi JUXE maraca diablo

2022 09 24 gararock mendaro maraca diablo iosuiriondo J.A. Areta Goñi JUXE

2022 09 24 gararock mendaro J.A. Areta Goñi JUXE 3

2022 09 24 gararock mendaro J.A. Areta Goñi JUXE 1

∞Lotura duten albisteak: