Maraca Diablo etxeko taldearekin batera, musika eszenan ezagunak diren beste lau taldek kontzertuak emango dituzte. Musika jaialdiari, baina, 'Kontukontzertua' ikuskizunarekin emango diote hasiera, 17:30ean, musika eskolako terrazan (euria egingo balu, San Agustin kulturgunera aldatuko lukete lekuz).
Kartel ikusgarriak sortu dituzte Sinuösek eta Gararock Taldeak, gaur-biharrerako antolatu duten musika eskaintza oparoa iragartzeko. Iñaki Ovejerok diseinatu du ohi legez Sotoko Hotsak-en kartela, eta Miren Vivesen obra da bigarrena. Jaialdiak eurek ohiko formatoan datoz, baina badira aldaketa batzuk. Sinuösek gaurko lotu duen lehen kontzertua, Rukularena, Kultur Etxe atzeko parkean izango da, Sotoan beharrean, 20:00etan (euria eginez gero, Aita Agirreko arkupeetan). Bigarrena, Elle Belga taldearena, berriz, Sotoan izango da, 23:00etatik aurrera, eta 5 euroan salduko dituzte sarrerak. Gararockek, berriz, urteroko jai-giroa sortuko du Mendaron. Euria dago iragarrita, eta egingo balu, terrazan izatekoak diren kontzertuak San Agustin kulturgunera aldatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
- Mendaron zein Elgoibarren kontzertuak emango dituzten zazpi taldeei buruzko informazioa BARREN aldizkariaren 1257. zenbakian -PDF-
• Kontukontzertua
Mendaroko kultur eskaintza aberastu eta herritarrei herrian bertan musika emanaldi bereziez gozatzeko aukera emateko sortu zuten Gararock, eta sortzetik bertatik ezaugarri batek bereizi ditu: familia osoak batzeko eskaintza prestatu dute beti antolatzaileek. Aurten, Naita produkzioak taldearen Kontukontzertua ikuskizuna lotu dute arratsalderako (17:30), kontzertuen atariko gisa. Musika eskolako terrazan emango dute, eta euria egingo balu, San Agustin kulturgunean. Musika, ipuinak eta istorioak inspiraziotzat hartuta sortutako ikuskizuna da Kontukontzertua, Mariano Hurtado musikariak eta Nerea Ariznabarreta ipuin-kontalari, antzezle eta klownak sortutakoa. Hurtadok musika-instrumentu sorta zabala igo ohi du oholtzara: kontrabaxua, ukelelea, txirula indiarra, darbuka melodikoa, beste zenbait "katxibatze", bai eta maleta batekin eta lata batzuekin egindako bateria ere. Ez da bakarrik ariko, hala ere, oholtzan. Nerea Ariznabarretak jarriko ditu ahotsa eta mugimendua, eta lagunduko dio ukelelearekin eta jostailuzko pianotxo batekin. Istorioak eta musika nahastuko dituzte ikuskizunean zehar eta parte hartzera gonbidatuko dute publikoa. Abesti guztiak eurek sortutakoak dira, eta ipuinak ere bai, hein handi batean. "Ipuinak ez dakit ezagunak diren edo ez, baina kontatzen ditugun ipuinak ez dira behintzat ipuin tradizionalak", esana du Ariznabarretak. Inprobisaziorako tartea ere handia da Kontukontzertu ikuskizunean.