Amatasunetik gogoeta egiteko taldea sortu dute Elgoibarren

Barren.eus 2022ko ira. 30a, 14:42

Askotarikoak dira amatasunari lotutako esperientziak eta bizipenak, nork bereak ditu, eta denek dute gozotik eta garratzetik, aukeratutakoa denean ere sistemak -gizarteak- ez duelako ama izatea errazten. Eta horri guztiari buruz hitz egiteko elkartzeko beharra sentitu du emakume talde batek Elgoibarren. Amatasun Feministen Taldea sortu dute, eta taldean topatu dituzte kontsolamendua, babesa eta iraultzarako espazioa zein konplizeak.

Hogei bat lagun dira gaur, baina zabalik dute atea. Bihar, 'M ama*eme*ume' liburuaren aurkezpen- ekitaldira batuko dira eurek ere, gaiaz jarduteko aukera ona izango delakoan. 10:00etatik 14:00ak bitartean izango da, Lila Emakumeen Etxean.

Gure bigarren haurraren etorrerak krakateko asko eragin zizkidan. Lehenengo semeaz erditu nintzenean neure buruari sinistarazi nion egin nahi nituen gauza guztiak egin ahal izango nituela. Lehenengo haurrarekin oraindik izan nintekeen 'ama perfektua', baina bigarrenarekin iritsi zen zaplastekoa. Katarsi hartan, liburu feministak irakurtzen hasi nintzen konpultsiboki, baina jabetu nintzen beste zerbait behar nuela: behar nuela sare bat irakurritakoa konpartitzeko eta behar nuela beste batzuekin elkartu ama izateko eredu berriak eraikitzeko". Ainhoa Mendibil Artetxeren hitzak dira. Bigarren semeak bi-hiru hilabete zituela sentitu zuen Mendibilek amatasunetik sistema heteropatriarkala deseraiki beharra, orduan sentitu zuelako sekula ez bezain gordin noraeza. "Nahiko garbi" ikusten zuen egin nahi zuena, baina erreferentziak falta zituen "ama beste modu batean izateko".

Eta etsi-etsian, Amatasun Feministak Taldearen hazia izango zena zabaldu zuen whatsappez, Berazeta ingurura egindako pasiara batean. Mezuan aipatzen zuen ez zegoela ama izan beharrik taldera batzeko, baina bai emakumea, eta amatasunaz hitz egiteko izango zela. "Izen-abizenez sinatuta bidali nuen mezua eta uste dut desesperatuta hitza ere aipatu nuela; hitza ez bada, tonua bai behintzat". Eta bi asteren barruan, 20 bat ama batu zitzaizkion. "'Kakatan ez nago bakarrik' pentsatu nuen".
Talde-dinamika zehaztea etorri zen gero. Kode etiko bat adostu zuten. Taldean esandakoak taldean geldituko zirela hitzartu zuten, ez zutela aktetan izenik jasoko. Bakoitzak bere estiloa daukala ere jaso zuten kode etikoan, eta ez ziotela horrenbestez inori gomendiorik emango, aurrez beste horrek eskatu ezean behintzat. Espreski jaso zuten, era berean, ez zutela talde moduan elkarrizketarik emango, ez daudelako bi amatasun berdinak, ezta birritan ama den andre berarentzat ere, eta beraz, errespetatuko zituztela amatasuna ulertzeko modu guztiak eta ez zutela inor epaituko bere izateko eta egiteko moduengatik. Eta gogoetarako helduleku egokia izan zitekeelakoan, lehen irakurgaia proposatu zien Mendibilek taldekideei: Adrienne Richen Emakumeengandik jaioa. "Kolpetik bota zidaten atzera lehenengo bileran -dio barrez-. 'Ainhoa, amak gara, ez daukagu astirik halako irakurgaietarako' esan zidaten, arrazoi osoz". "Gainera, liburu horiek oso teorikoak dira. Geuretik jardun nahi genuen, bizipenetatik", gehitu du Amaia Jauregi Barrutiak.

2022 09 30 amatasuna errep barren elgoibar