Urte amaierara bitarteko egitaraua aurkeztu du Lilak

Barren.eus 2022ko ira. 27a, 11:50

Elgoibarko Emakumeen Etxeak, Lilak, urte amaierara arte prestatu duten programazioa ezagutzera eman du. 'M ama* eme* ume*' Liburuaren aurkezpena izango da hurrengoa, eta liburuaren egile Estitxu Fernandezekin eta Erika Lagomarekin solasaldia ere antolatu dute.

Lilako aduradunek azaldu dute askotariko ekintzak prestatu dituztela datozen hilabeteetarako, besteak beste, hitzaldiak eta hausnarketa taldeak, zine forumak eta dokumentalen emanaldiak, ikastaroak eta tailerrak, ikuskizunak, erakusketak eta aholkularitza zerbitzua.
Oraintsu bete du lehen urtea Lilak, eta bigarren urte honetan lehenengoko "joera positiboari" eutsi nahi diote arduradunek. "Lilak emakumeentzako gune bat baino gehiago izatea lortu du bertako ekintza guztietan parte hartu duten emakumeei esker. Txoko hau topaketarako, hausnarketarako eta berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde lan egiteko gune izatea lortu da, parte hartzaileen jarrera eraikitzailearekin", adierazi dute.
Orain arte Lilan izan ez direnek, horretarako aukera izango dute datozen hilabetetan. Elkarte zein norbanako moduan parte hartzeko aukera dago, "Lila Emakumeen Etxea guztien etxea baita".
Atzo hasi zuten ikasturte berria Lilan, 'Traba egiten duen titi bakarra saltzen ez dena da' izenburua zeraman taldean egiteko hausnarketa saioarekin. Emakumeen gorputzak etengabe gauza bihurtzen eta merkantilizatzen dituen gizarte matxista baten hipokresiari buruz jardun zuten berbetan.

2022 09 27 m ama eme ume estitxu erika kultursharea
 • M ama* eme* ume* Liburuaren aurkezpena
Feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta idatzi dute Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma lesakarrek M ama* eme* ume* izenburua duen liburua. Hamahiru lekukotasun jaso dituzte, hamaika ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikote gabeak, heterosexualak eta homosexualak, ama bakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak, e.a. Amatasun bakarra ez dagoela-eta, hausnarketarako gonbita egiten du liburuak. 2021. urteko Tene Mujika saria jaso zuten bi lesakarrek liburua ontzeko. Liburuaren nondik norakoak azaltzera etorriko dira egileak Lilara, zapatu honetan, urriaren 1ean, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Aurkezpenaren ostean, eurekin solasteko aukera izango da liburuaz eta liburuak lantzen dituen gaietaz. Ez da izenik eman behar parte hartzeko. Gainera, behar duenak, haurrak zaintzeko zerbitzua erabili ahal izango du. Hori bai, horretarako eskaera egin behar da gutxienez astebete lehenago. Idatzi eskaera honako e-posta helbidera: berdintasuna@elgoibar.eus

 

 

∞Lotura duten albisteak: