Zurezko itxura duten birziklatutako plastikozko lamak jarri dituzte Goiko Errota zubiko zoruan, eta beste horrenbeste egingo dute Kultur Etxe osteko zubiko zoladurarekin ere.
Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, bi zubi horien zorua berritzeko erabiliko duten materiala erabat birziklatua eta birziklagarria da, industria- eta hiri-hondakinekin birziklatutako plastikoekin egina, zabortegietatik ateratakoa.
Euria egiten zuenetan edo izotzarekin oso labainkor geratzen ziren egurrezko zorua duten zubiak eta pasabideak, eta horietan ez labaintzeko tratamendua eman izan du Udalak aurrez. Era berean, hotz eta beroaren kontastearen eraginez lamak dexentetan altxatzen ziren, estropezu egiteko arriskua handituz. Unean uneko konponteketekin eman diete irtenbidea arazo horiei orain artean, baina zorua erabat aldatzea erabaki dute orain.
Goki Erreformak enpresak egingo ditu berritze lanok, eta horretarako 39.641,18 euroko (BEZ kontuan hartu gabe) aurrekontua dute. Kultur Etxe osteko zubian egin beharreko berritze lanak joan den urriaren 10ean hasi zituzten eta hamar eguneko epean bukatuta egongo direla aurreikusten dute Udaletik. Lanak bukatu bitartean zubia ez da erabilgarri egongo.
∞Lotura duten albisteak