Ioseba Tamayo triatloilari elgoibartarra Utahn jokatuko den Munduko triatloi txapelketan lehiatuko da urriaren 29an

Barren.eus 2022ko urr. 25a, 16:51

Munduko triatloilari onenak batuko dira datorren asteburuan St. George hirian (Utah estatua, AEB) jokatuko duten 70.3 World Championship txapelketan, eta horrelako proba garrantzitsuan parte hartzeko aukera izango du Ioseba Tamayo elgoibartarrak.

Ioseba Tamayo Ironman 70.3 Cascais proban lehiatu zen, iazko urrian, Portugalen, eta laugarren postuan sailkatu zen bere adin tartekoen artean, 30 eta 34 urte artekoen mailan, eta 49. postuan sailkapen nagusian. Emaitza horri esker lortu zuen Munduko txapelketarako sailkatzea. Urriaren 29an, zapatuan, jokatuko dute 70.3 World Championship txapelketa Uthan. Las Vegas hiri ezagunetik 30 bat kilometrora dago St. George hiria. Joan den maiatzean bertan jokatu zuten Munduko Ironman txapelketa, Hawaiitik kanpo jokatu duten aurrenekoa. Honakoa 70.3 distantziako munduko txapelketa izango da, eta bigarren urtez jarraian jokatuko dute St. Georgen.

Tamayok azaldu duenez, munduko txapelketa honetara ahal bezain ondoen iristeko "gogor" entrenatzen aritu da azken urtean eta inguruko triatloietan ere hartu du parte. Gasteizko triatloian esaterako, laugarren postuan sailkatu zen erta zortzigarren postua eskuratu zuen Euskadiko Triatloi Txapelketako sailkapen nagusian. Espainiako txapelketa jokoan zegoen Iruñako triatloian, berriz, 30. postua eskuratu zuen.
Zapatuan lasterketa ona egiteko esperantza dauka, eta ilusio handiarekin doa Estatu Batuetarantz. "Urteak daramazkit triatloi munduan, eta kirol honetan urtetik urtera hobetzeko egin behar den ahalegina eta sakrifizioak ez dira txikiak. Hortaz, han egoteko aukera izatea, sailkapena lortu izana, sari bat dira niretzako", dio. Egin dituen entrenamendu gogor horietan oinarrituta, 4 ordu eta 15 minutu eta 4 ordu eta 30 minutu arteko denbora egitea aurreikusten du. "Munduko txapelketa da eta ez ditut ezagutzen parte hartuko duten lehiakide asko, beraz ez dakit zehatz mehatz, zer mailako lehiakideak aurkituko ditudan".
Igeriketa probarekin hasiko dute triatloia. 1.900 metroko ibilbidea osatu beharko dute igerian, laku batean. Ondoren, bizikleta hartu eta 90 kilometro egin beharko dituzte, 1.000 metroko desnibel positiboa duen ibilbidean. Eta, amaitzeko, maratoi erdi bat (21 kilometro) egin beharko dute saltaka, 200 metroko desnibel positiboarekin.
Bero handia egingo duela iragarrita dagoela zehaztu du Jaz Eibar Triatloi Taldeko kideak. 8:15ean hasiko da lasterketa (hemen 16.15ak izango direnean) eta Facebook eta Youtubeko kanaletan emango dute zuzenean, Ironman kontuetan. Horrez gain, Ironman app-etik parte hartzaile bakoitzaren zuzeneko sailkapena jarraitzeko aukera izango da. Maila handiko lasterketa izango da eta izen entzutetsuenen artean, Kristian Blummenbelft aipatu behar da, Tokyoko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen triatloilaria. Gustav Idenek ere hartuko du parte, orain dela gutxi jokatu den Konako (Hawai) Ironmaneko irabazlea.

2022 10 25 joseba tamayo triatloilaria bizikletan

∞Lotura duten albisteak: