Parrokiako Katekesiak errege magoen desfilea eta jaiotza lehiaketa antolatzeari lagako diola-eta boluntarioak behar dituzte

Barren.eus 2022ko aza. 2a, 15:04

Elgoibarko parrokiako katekesiak makina bat urtean antolatu ditu errege magoen desfilea eta jaiotza lehiaketa, baina aurtengoa antolaketa lanetan aritzen diren azkenengoa izango dela jakinarazi dute.

Katekisten eta honen bueltako boluntarioen taldeak 34 urtean antolatu du jaiotza lehiaketa (35. edizioa izango da aurtengoa), eta beste horrenbeste edo gehiagoan errege magoen kabalgata. Adinean aurrera doazela-eta, aurtengoak antolatu ostean, agur esango diote bi ekintzok antolatzeari. Hori dela-eta, hutsune hori bete eta ekintzok antolatzen jarraitu ahal izateko deialdia zabaldu du Elgoibarko Udalak, errege kabalgata eta jaiotza lehiaketa antolatzeko prest dauden lagunak edo lagun taldea bilatzeko.

Interesatuek azaroaren 30a baino lehen eman beharko dute izena Kultura Sailean: kultura@elgoibar.eus helbidera idatzita edo 943 742 158 telefono zenbakira deituta. Prest dauden lagunak aurten aurkeztuz gero, laga behar dutenengandik ikasteko aukera izango dutela azaldu dute Udaletik.
Udalak eskerrak eman dizkie bi ekimenen antolaketan parte hartu duten pertsonei, "hainbeste urtetan zehar egindako lan desinteresatuagatik", eta elgoibartarrak talde eragile berrian parte hartzera animatu ditu.

2022 11 02 jaiotza lehiaketa antolatzaile partehartzaile 2019 

∞Lotura duten albisteak: