'Joxe Azurmendi: Herria, hizkuntza, kultura' izenburuko solasaldia antolatu zuen Elgoibarko Izarrak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, joan den irailaren 28an. Haritz Azurmendi Arrue, filosofoa eta Joxe Azurmendiren gaineko doktore tesiaren egilea eta Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin aldizkariko zuzendaria, aritu ziren berbetan Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian. Ikus solasaldiaren bideoa.
Joxe Azurmendi filosofoa Euskal Herriko saiakeragile oparoenetakoa da, oparoena ez bada. Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen eta horretan dihardu gaur egun ere. Filosofiaren auzi eta ertz unibertsal ugari landu ditu, beti antidogmatiko eta kritiko, eta beti eraikitzaile. Baina bere ezaugarri garrantzitsuena filosofia guretik landu izana da, hau da, gaur egungo munduan euskaldun izatearen kondiziotik pentsatu izana mundua.