Haritz Azurmendi: “Normala izatea bera ere justifikarazi egiten digute euskaldunoi”

Barren.eus 2022ko urr. 21a, 12:45

Filosofia ikasketak egiten ari zela "kasualitatez" jakin zuen Haritz Azurmendi Arruek (Albiztur, Gipuzkoa, 1991) bere abizen bera zuen irakasle bat bazegoela EHUn, Joxe Azurmendi Otaegi. Irakasle bulegoen korridoreetan ikusi zuen haren izena, baina ez zitzaion irakasle egokitu. Joxe Azurmendi irakasle izan ez zuen lehen promozioko ikaslea izan da Haritz eta berea da Joxeren pentsamenduari buruzko lehen doktorego tesia.

Nazionalismo teoriak eta Joxe Azurmendiren obra aztertu zituen tesian, bereziki haren nazio ideiaren eta abertzaletasun kulturalaren artean dagoen lotura seinalatuz, eta horixe izan zuten solaserako gai ere Lorea Agirre 'Jakin'-eko zuzendariak eta biek, irailaren 28an, Hasier Etxeberriaren omenez Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak antolatu zuten 'Biba Hasier!' jardunaldian. Biek ala biek azpimarratu zuten filosofia guretik landu izana zor diogula Joxe Azurmendiri, euskararen alde egiteko zeri lotu behar gintzaion arrazoitzea; ordura arteko arrazoi erromantikoen eta esentzialisten gainetik, euskarara lotzeko arrazoi politiko bat bilatu izana alegia. 

 • 'Euskarazko ikerketa salbuespena da, salbuespena da euskal pentsamenduari buruzko interesa piztea, salbuespena delako graduetan euskal pentsamendua ikustea". Zure berbak dira. Egin dezagun ahalegina pizteko interesa. Euskal filosofo ezagunena izango da beharbada Azurmendi, baina zer gehiago dakigu hari buruz? Nor da?
Joxe Azurmendi pentsalaria da, pentsalari handia, bizitza eman duena euskalduntasunari buruz pentsatzen eta horren gainean ekiten. Belaunaldi bateko kide da, euskaldunak ordura arte zuen irudiari buelta eman zion belaunaldiko kide. Joxek esan zuen euskalduna ez dela jaiotzen, egin egiten dela, eta esan zuen, baita ere, euskarak, beste hizkuntzek bezala, balio duela edozertarako. Alegia, bidea jarriz gero, gauza normal bat izan daitekeela garaian garaian dauden eduki eta gaiak euskaraz ematea, balio dezakeela euskarak fi losofi arako, Twitcherako, Instagramerako... edozertarako.

 • Zer zor diogu Joxe Azurmendiren belaunaldiari?
Hiltzera kondenatua zegoen herri batean “Normala izatea bera ere justifi karazi egiten digute euskaldunoi” sinetsi izana eta hordagoa jo izana etorkizuna irabazteko. Joxek eta bere belaunaldikoek 20 bat urterekin ikusi zutena zen euskara ez zela esistitzen, ez behintzat kultur mailan; ikusi zuten euskara zela bazterrekoen, pobreen eta ezjakinen hizkuntza. Herentzian jaso zuten ideologia espainiar inperial hori sinistera ere iritsi zen Joxe bera, bai eta gero eskema horiek deseraikitzera ere. Eta horren kontrako erreakzioa da munduko gauza guztiak euskaraz eman nahi hori, eta ez kapritxoa duelako, baizik eta injustua ikusten duelako komunitate bat zapaldua, ezjakindua eta baztertuta izatea.

 • Kultura modernizatzeko erronka hartu zuen belaunaldi hura izan zen beharbada ikastera kanpora joateko zortea izan zuen lehen belaunaldia. Horrek eraginik izan al zuen?
Ez dakit lehenengo belaunaldia izan zen irteten; baina, bai, ordura arte, elite bat bakarrik irteten zen kanpora eta Joxek eta bere belaunaldiko askok, apaiztegitik pasatakoak izanda, aukera izan zuten Europan zehar unibertsitate ezberdinetan hezteko. Garai hartan, 67-68aren bueltan, oso giro iraultzailea, ezkerrekoa eta bizia zegoen Europan eta hori dena zuzenean bizitzeko aukera izatea lagungarri izan zitzaien gero Euskal Herrian emanda zeuden eskema horiek birplanteatzeko, beraienetik pentsatzeko eta abar.

 • Euskal kulturaren azken 50 urtetako funtsezko momentu guztietan egon da Azurmendi. Zer marka du bere pentsamenduak?
Joxeren eta bere belaunaldikoen pentsamendua euskararen aldeko hautu kontzientea izateak markatu du. Jende honek bizitzako proiektu bezala hartu zuen euskaraz egin ahal izateko borrokatzea, eta hori bada gauza interesgarri bat gaur egundik begiratzeko ere, gaur egun ere ematen zaigun honetan jarraituz gero oso esparru gutxi gelditzen zaizkigulako euskaraz egiteko modukoak. Sortzen zaizkigun espazio, esparru eta adierazpen berri guztietan borrokatu egin behar dugu euskaraz egitea eta horrek lan militantea eskatzen du. Aurrekoan irakurtzen nuen bideo jokoak euskaraz egoteko ez dagoela berezko joerarik eta zale batzuek militanteki itzulitako bertsioak daudela gehienbat euskaraz. Adibide bat baino ez da.

 • Ez zegoen lekuan, sortu egin zuten. Gaur egun ez al dago dena sortua den uste halako bat?
Nik uste dut egon zela halako optimismo bat Frankismotik zetozenek sortu zituztelako hurrengo hamarkadetan funtzionatu zezaketen proiektu eta egitura batzuk. Kontua da hori oso lotua egon zela belaunaldi bati eta munduaren egoera bati. Orain, globalizazioan, gauza batzuk finkatu direla ikusten du gure belaunaldiak baina egoera globalari erantzuteak krisi bat sortzen duela euskararen inguruan, eta berriz ere garamatzala zertarako izan behar dugun euskaldun galdetzera. Zertarako izan behar dugu euskaldun, nire gurasoek eman didaten mundu horretarako bakarrik ala niri gustatzen zaidan hori euskaraz emateko ere lotu behar naiz borrokara? Lozorroan baino gehiago, krisian gaudela esango nuke.

 

2022 10 21 haritz azurmendi jakin kidea elgoibar hitzaldia lorea agirregaz BARREN

2022 10 21 haritz azurmendi jakin kidea elgoibar hitzaldia lorea agirregaz biba hasier BARREN