Bilketa hori aurrera eraman ahal izateko boluntarioen laguntza eskatu zuen Udalak, eta 46 lagun aritu ziren lanean. Udalak eta Gurutze Gorriak eskerrak eman dizkiete “egiten duten lan desinteresatuagatik eta Elikagaien Bilketa egin ahal izatea ahalbidetzen dutelako. Ezinbestekoa da elkarri laguntzea; lankidetza. Jakina, baita herritarren elkartasuna ere. Guztion artean gizarte hobea eta solidarioagoa egiten dugu”.
Gipuzkoako Elikagaien Bankutik zehaztu dutenez, aurtengo bilketa ondo joan da: “Goiz da esateko, baina daukagun sentsazioa da 2019ko kopuru bera jaso dela. Janaria eta bonu solidarioak batu dira”. Aurrez adierazi zutenez, aurten inoiz baino premia handiagoa egon dela bilketa egiteko, aurreko urtean bildutakoa gastatzen joan baita eta apalategiak hutsik geratzen ari zirelako.
Dohaintzak egiteko aukerak irekita jarraitzen du oraindik; hain zuzen, datorren astelehenera arte luzatuko dute supermerkatuetako kutxetan ekarpenak egiteko aukera. Dohaintza egin nahi duten herritarrek, supermerkatuko kutxan esan beharko dio kutxazainari Elikagai Bankuari dohaintza egin nahi duela, eta egin nahi duen ekarpenaren zenbatekoa zehaztu beharko du orduan. Diru ekarpena eginda, Elikagai Bankuko Kideek herritarren bidez jasotako dirua erabiltzen dute beharrezko produktuak erosteko.
• Elgoibarren urtez urte batutako janari kopuruak:
- 2013an 6.565 Kilo elikagai bildu zituzten
- 2014an 9.980 Kg
- 2015ean 16.550 Kg
- 2016an 12.524 Kg eta 2.583 euro bonotan
- 2017an bi bilketa egin zituzten: Maiatzekoan 13.050 kilo batu zituzten eta abendukoan 7.895 kilo
- 2018an 9.046 kilo eta 5.544 euro bonotan
- 2019an 7.860 kilo eta 6.575 euro bonotan