Zahar etxea egiteko lanak lizitatu izana "oso albiste ona" da PSE-EEren ustez, legealdi bat galdu izana gaitsetzi duen arren

Barren.eus 2022ko abe. 13a, 13:07

Elgoibarko Udal-talde sozialistaren ustez, “oso albiste ona” da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kontseiluak Elgoibarren, Pilar ikastetxea egon zen orubean, gizarte-zerbitzuen ekipamendu bat, adinekoentzako egoitza eta 40 plazako eguneko zentroa eraikitzeko lizitazioa onartu izana.

Elgoibarko PSE-EEren bozeramaile Ariana Nogalesek esan du sozialistak “gustura” daudela proiektu honekin, eta gogora ekarri du PSE-EEk udaletxeari aspaldi egin zion eskaera eta aldarrikapena dela honaka. Nogalesek prentsa ohar bidez adierazi duenez, 2012ko abenduko Udalbatzan sozialistek Gipuzkoako Foru Aldundiari adinekoentzako egoitza eraikitzeko akordio bat eskatuz aurkeztu zuten mozio bati esker lortu zen gehiengoa “funtsezkoa” izan da egitasmo honek orain arte eduki duen ibilbidean. Horri esker, Elgoibarrek egun dituen premiei eta etorkizunean izango dituenei erantzuteko gai izango den azpiegitura eraikitzea "inoiz baino hurbilago" ikusten dute. Ildo beretik, gogora ekarri dute sozialisten batzarkide taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere aldarrikatu zuela azpiegitura hau eraikitzeko beharra, 2011-2015 legealdian.

Hori dela-eta, zentroa sustatzeko legealdi oso bat galdu izanaren pena du Nogalesek. "Izan ere, EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundiaren buruan egon zen lau urteetan proiektua geldiarazi zen, nahiz eta aurreko legealdian akordio bat lortu zen Gizarte Politiketarako sailarekin egoitza, eguneko zentroa eta adinekoentzako apartamentuak eraikitzeko eta kudeatzeko, eta foru-aurrekontuetan diru-kopuru bat ere esleitu zen proiekturako. Horregatik, egoitza berria zenbat eta lehenago abian jarri, hobe izango da Elgoibarko adinekoentzat, aspalditik baitaude egoitzaren zain eta arreta duina merezi dute", adierazi du.

 

∞Lotura duten albisteak: