Abenduaren 4an jokatu zuten Valentziako maratoian 124 herrialdetako 30.000 lagunek eman zuten izena, eta 21.813k lortu zuten 42 kilometroak eta 195 metroak osatzea. Kelvin Kiptum kenyarra (2:01:53) eta Amane Beriso etiopiarra (2:14:58) izan ziren azkarrenak. Denbora horiekin maratoirik azkarrenen zerrendan kokatu dute Valentziakoa. Horixe baitu horrenbeste jende, eta goi mailako maratoilariak, erakartzeko amua. Gorka de la Horra elgoibartarrak ere horregatik aukeratu zuen Valentziako maratoia, erabat laua delako, ez duelako aldapa txiki bat ere, eta mediterraneoko klimak ere laguntzen duelako markak ontzen. "Nire helburua asfalto gaineko maratoietan nuen denbora hobetzea zen. Valentziakoaren aurretik bi maratoi bukatzea lortua nuen eta 2:40:08koa zen nire markarik onena. Denbora hori ontzeko gai ikusten nuen nire burua, arriskatzera irten nintzen eta ondo irten zitzaidan apostua", azaldu du. Bi ordu, 34 minutu eta 13 segundoan osatu zuen Valentziako maratoia. Lehen erdia 1:16:59ko denboran egin zuen eta 1:17:12ko denboran bigarrena. Sailkapen nagusiko 573. postua lortu zuen. Bizkorrago egin zezakeela ere uste du. "Lasterketaren hamazortzigarren kilometrora arte talde batean joan nintzen, eroso eta erritmo onean, baina hortik aurrerako kilometroetan ez nuen topatu niretzako erritmo egokian zihoan talderik; batzuk bizkorrago zihoazen, eta motelago besteak". Azken laupabost kilometroak luze egin zitzaizkion arren, pozik gurutzatu zuen helmuga marra.
Orain, atseden txiki bat hartuko du eta mendi lasterketen denboraldia prestatzeari ekingo dio gero.
∞Lotura duten aslbisteak: