Jokin Muñozek bi minutuan ondu du bere marka pertsonala Valentziako maratoian

Barren.eus 2021ko abe. 11a, 15:47

Maratoilarien artean kuttunetarikoa da Valentziako maratoia, besteak beste, antxitxikariek bertan lortzen dituzten denborak aintzat hartuta munduko hirugarren maratoirik azkarrena delako. 128 herrialdetako 15.000 partaidek hartu zuten parte aurtengoan, eta horien artean zen Jokin Muñoz Olazabal mendaroarra.

Maratoia bera bukatzeko gauza izateaz aparte, maratoi batean aurretik zuen marka pertsonala bi minututan hobetzea lortu du Soraluzen bizi den saltakari mendaroarrak bi ordu, 26 minutu eta 24 segundoko denbora eginda. Horixe 42 kilometro eta 195 metroko ibilbidea osatzeko behar izan zuen denbora. 148. postuan sailkatu zen. Postua baino gehiago bere marka pertsonala ontzea zuen helburutzat Muñozek, eta, helburua guztiz beteta itzuli da joan den abenduaren 4an jokatu zuten Valentziako maratoitik. Ahalegin handia egin behar izan du bere buruari jarritako erronka gainditzeko, Valentziako maratoirako abuztuaren 2an hasi baitzen prestatzen. "Bide luzea izan da baina merezi izan du alfonbra hori 2:26:27an zapaltzeko egindako esfortzu eta sakrifizio guztiak", esan du azken metroetan saltakariek zapaltzen duten kolore urdineko alfonbra aipatuaz.

Jokin Muñozek eskerrak eman dizkie lagunei eta familiari azken egunotan jaso duen babesarengatik eta animoengatik. Valentzian eginiko marka aitaginarreba Mikel Iñurrietari eskaini dio.
Muñozek lehen pertsonan kontatu du Valentzian bizi izandakoa, barru-barrutik idatzi duen kronikan. Soraluzeko toki komunikabide plaentxia.eus webgunean irakurri dezakezue lasterketaren kronika.

2021 12 04 jokin munoz valentziako maratoia tropelean