‘Tempus fugit’: 60 urte denbora neurtzen

Barren.eus 2022ko abe. 16a, 13:16

60 urte bete ditu Aramburu Bitxitegiak. Denda bera da bitxia, eta zailtasun guztien gainetik egiten du dir-dir, eta ematen du argia. 60 urte egin dituzte bitxigintzan, eta oraindik ere aurrera segitzeko kementsu eta ilusioz daude.

Ramon Aramburuk hasitako bideari heldu zion Nekane Iturbek, eta orain haien alaba Onintza eta Maider dira negozioaren gidari. Agurtzane eta Lurdes Lartain ahizpekin osatzen dute guztiek Aramburuko familia.

Gaur, 60 urte bete izana bezeroekin eta herritarrekin ospatu nahi dute Aramburukoek, eta Pedro Miguel Urruzuno 27an egingo duten mokadutxora gonbidatu dituzte. "18:00etatik 20:00etara zure zain izango gaituzue, 60 urte hauek zuekin ospatzea baino gauza hoberik ez dagoelako!", esan dute.

 • Noiz eta nola sortu zen Aramburu bitxi-denda?
Gure aita Ramon Arambururen ilusio, ekimen eta lanari esker sortu zen Aramburu Bitxi-denda. 12 urte zituela hezurretako infekzio batek jo eta urteak egin zituen ospitaletan aitak, 20 urte bete zituen arte. Ospitaletan gaixoak bisitatzen zituen Beasaingo emakume bati esker, erlojugile ofi zioa ikasteko aukera izan zuen. Ospitalean zegoela, emakume hark semea erlojugilea zuela esan zion, eta ofi zioa erakutsiko ziola agindu. Horrela, berarentzat guztiz berria zen ofi zioa ikasi zuen eta gaixotasuna gainditu zuenean, erlojugile lanean hasi zen bitxi-denda batean. Erlojugile eta dendari lanetan trebatu zenean, laster hasi zen bere denda irekitzearekin amesten. 1962. urtean, 27 urte zituela, denda irekitzeko aukera ikusi zuen Elgoibarren, eta baliabide gutxirekin, baina lan, ahalegin eta ilusio handiz, ametsa egi bihurtu zuen: Aramburu Bitxi-denda irekitzea. Orduan ez zuen usteko 60 urte geroago denda martxan egongo zenik.

 • Elgoibarko dendaz gain beste negozio batzuk ere sortu al zituen?
Bai. Oso gizon ekintzaile, langile eta ausarta zen. Elgoibarko denda ondo finkatuta zegoela, gure ama, Nekane, dendan lanean hasi zen, eta bien artean, negozio lerro berriak jarri zituzten martxan. Kordoban bitxi tailer bat izan zuten, Mara izeneko bitxi marka propioa ere sortu zuten bazkide batekin, Bilbon Tilbury izeneko denda zabaldu zuten, baita Oñatin ere, eta aldi berean, handizkako bitxi salmentan hasi ziren. Bitxien sektorean, estatu mailan profesional errespetatua izatea lortu zuen. Azken urteetan, diamanteen munduan ere murgildu zen Ramon. Guzti horiek aurrera ateratzeko, gurekin batera profesional bezala hazi diren hainbat langileren lana ere ezinbestekoa izan da. Lurdesek eta Agurtzanek, esaterako, duela 37 eta 24 urtetatik dihardute gurekin lanean, hurrenez hurren. Eta Oñatiko dendaren kasuan ere, Mari Pazek eta Arantxak 20 urte daramatzate gurekin.

 • Nolatan bukatu duzue alabak dendan lanean?
Informatika eta enpresa zientzietako ikasketak bukatu ondoren, urtebeterako dendan lan egiten hasi ginen, probatze aldera. Epe hori bukatzean, dendak jarraipena izatea nahi genuen, umetatik bizi izan dugun mundua delako, eta gurasoen ekarpen eta ereduarekin jarraitzea erabaki genuen.

 • 60 urte hauetan momentu gogor zein politak biziko zenituzten...
Bai, hasierak beti dira gogorrak... baliabide gutxirekin hasi zen gure aita. Urteetan zehar krisi garaiak, indarkeriaz eginiko lapurreta edo hutsetik berriz hastera behartu gintuzten bi uholde ere jasan ditugu, baina elgoibartarrek gugan izan duten konfidantzari esker, guzti horiek gainditzea lortu dugu. Dena dela, momentu onak askoz gehiago izan dira. Adibidez, bitxien negozioa betidanik negozio familiarra izan da, bai dendari eta bai fabrikatzaileen kasuan. Honek harreman profesionalez gain, harreman pertsonalak egiteko aukera ere eman digu. Fabrikatzaile, saltzaile eta dendari asko aspaldiko lagunak ditugu. Eta hunkigarria da “nire lehen jaunartzean, duela 60 urte, zure aitari erositako erlojua oparitu zidaten, eta oraindik gordeta daukat eta ondo funtzionatzen du” edo “nire amonak zure aitari erositako belarritakoak eramango ditut nire ezkontza egunean” entzutea. Urrezko bitxiak betirako dira eta belaunaldiz belaunaldi irauten dute. Sarritan famili bereko lau belaunaldi ezagutzeko aukera izan dugu 60 urte hauetan.

 

2022 12 15 aranburu bitxidenda elgoibar 60urte BARREN