Kalegoen plazara arteko bidea egingo dute jendez inguratuta, baina abiatu aurretik, agurra dantzatuko diete herriko dantzari gazteek, Maalan. Kalegoen plazan atondu diete estalpea Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika taldekoek eta hantxe egingo diete harrera herriko umeei. Haurren gutunak jaso eta haien eskari guztiak entzungo dituzte. Elgoibarko Izarraren tonbola ere plazan egongo da, 11:00etatik aurrera, eta tonbolako txartelekin batera, taloak, sagardoa, zukuak eta gozoak erosteko aukera izango da plazan bertan.
Elgoibarko haurren gutunak jaso ostean, Mendarorako bidea hartuko dute Olentzero eta Mari Domingik. Arratsaldez iritsiko dira hara. Ameikutz musika eskolakoek antolatu ohi dute ongi-etorria eta Moxuaneko pare horretan itxaroteko eskatu diete herriko familiei. Baserritar jantzita eta kanturako gogoz joateko eskatu dute antolatzaileek. Whatsappez zabaldu dituzte kantatuko dituzten kantuak eta abestera animatzeko eskatu diete herritarrei, Olentzerok eta Mari Domingik harrera beroa merezi dutelakoan. Garagartzatik udaletxera arteko kalejira egingo dute eta handik agurtuko dituzte herriko familiak. Eguraldi txarra egingo balu, kalejiraren ordez Trinitate baselizan egingo liekete harrera, dantzan eta kantuan.
∞Lotura duten albisteak: