Urteko Gazta Txapelduna aukeratzeko gazta txapelketa jokatuko dute abenduaren 31n Elgobarren, Gabon zahar feriaren barruan. Hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa eta 2022an antolatutako eta Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututako ardi-gazta lehiaketaren batean irabazi duten gaztagileek parte har dezakete txapeldunetan txapeldunena aukeratzeko lehiaketan. Aurten 11 gaztagilek irabazi dute txapelketaren bat, gutxienez, honako hauek:
- Bilbo, 2022-06-12 / Araia, 2022-08-15: Unai Lekuona (Araia)
- Azpeitia, 2022-07-25: Jesus Mari Ansola-Mausitxa (Elgoibar)
- Plentzia, 2022-08-21: Azkarra (Galarreta)
- Elgoibar, 2022-08-27/ Uharte-Arakil, 2022-08-28 Bergara, 2022-09-10: S.C. Kortaria (Lekaroz)
- Legazpi, 2022-09-04: Joseba Insausti (Ordizia)
- Ordizia, 2022-09-07 / Agurain, 2022-10-04: La Leze (Ilarduia)
- Amurrio, 2022-09-18: Larrabe-Agiñiga (Amurrio)
- Bermeo, 2022-09-16: Santamañe (Markina-Xemein)
- EHT, 2022-10-09: Patxi Lopez de Uralde (Larrea)
- Gernika, 2022-10-31: Beñat Egaña (Mutriku)
- Eibar, 2022-11-30: Aizpea (Olaberria)
Gaztagileek lehiaketan aurkeztu beharreko gazta Elgoibarko Udaletxean aurkeztu beharko dute, abenduaren 31n, 11:30ak baino lehen. Ordu hori igaroz gero, ez da lehiaketan parte hartzeko aukerarik izango. Era berean, ez dute onartuko gazta zatirik, ezta kilo bat baino gutxiagoko gaztarik ere. Parte-hartzaileek urte barruan egindako gazta bat aurkeztu beharko dute lehiaketarako eta antolatzaileek 25 euro ordainduko dizkiete gaztagatik.
Lehiaketa 12:00etan hasiko da udaletxeko pleno aretoan, eta epaimahaikideen lana bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute hala nahi dutenek. Irabazleak 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra jasoko ditu. Lehiaketak irauten duen bitartean bertsotan artuko dira Uxue Alberdi, Millan Telleria eta Meabebasterrexea bertsolariak.
Iaz, 2021eko gazta onena aukeratzeko lehiaketan Bengoetxea Lastiri gaztandegiak jaso zuen lehen saria.