Txirrindulari profesional izatea oso zaila dela aitortzen zuen arren, horixe zuen begiz jota Imanol Alvarezek duela ia bi urte BARREN aldizkariari eman zion elkarrizketa batean azaldu zuen moduan: profesionaletara salto egin nahi zuen eta 2021. urtea amaitzerako lortu nahi zuen gainera. Nahi zuena baino urtebete beranduago, baina ailegatu zaio profesionalekin lehiatzeko aukera, Java Kiwi Atlantico taldeak fitxatu baitu.
Alvarezek Eiser Hirumet taldean egin ditu azken urteak afizionatuetan. 2021. urtean maila handian aritu zen, bere talde berriko arduradunek nabarmendu duten moduan. "Afizionatu mailako txirrindulari osoenetarikoa eta etorkizun handienetarikoa zela erakutsi zuen, hogei lasterketa baino gehiagotan lehen hamarren artean sailkatuta . 2022. urtea, aldiz, ez zen Imanolek uste zuena modukoa izan, baina hala eta guztiz, bere konstantziak eta profesionaltasunak ireki dizkiote ateak gurekin, Java Kiwi Atlantico taldearekin aritzeko", adierazi dute.
Taldeko zuzendari Enrique Salgueirok aitortu du aspalditik zeudela elgoibartarraren pedalkadei adi. "2021 osoan egin nion jarraipena eta oso adi jarraitu nuen bere bilakaera. Txirrindulari oso interesarria dela iruditu zitzaidan, gertutik jarraitzekoa. Gure taldera batzeko eduki dugun lehen aukeran ez dut zalantzarik izan eta bere etorrera guztiontzako ona izango dela uste dut. Lehiatu ahal izateko lasterketa egutegi ona eskaini ahal izango diogu guk berari, txirrindulari profesional moduan hazteko aukera izan dezan", adierazi du Salgueirok.
Maila berrira egokitzea izango da Alvarezentzat lehen zeregina. "Kategoria berrira ahalik eta azkarren moldatzea gustatuko litzaidake 2023an, lehiakorra izateko; eta, hala, taldekideei lagundu ahal izango diet edo ihesaldietan sartu. Gainera, bigarren mailakoak diren sailkapenetan, mendikoetan esaterako, lehiakorra izan eta aurrean egotea gustatuko litzaidake. Lehen lasterketetan kostako zaidan arren, zangoak profesionalen erritmoetara ohitzen direnean ziur naiz denboraldiaz gozatzeko aukera izango dudala. Erregulartasun handiko txirrindularia naiz, lasterketa luzeetan eta gogorretan ondo moldatzen naiz, eta klimak laguntzen ez duenetan ere gozatzen dakien txirindularia naiz", esan du.
Java Kiwi Atlantico taldea Vigokoa den arren, Venezuelako lizentzia du eta bosgarren urtez lehiatuko da kontinental mailan. Roberfo González panamarra eta Andreas Miltiadis txiprearra dira taldeko txirrindulari nabarmenenak. Hurrengo denboraldirako egin dituzten fitxaketen artean daude Eduardo Perez-Landaluce asturiarra, Charlie Beake britaniarra edo Ganko eta Kida poloniarrak.
∞Lotura duten albisteak:
- Imanol Alvarez, Frantziako txirrindulari gazte onenen parean (2021-06-17)
- Imanol Alvarez: "Profesionaletarako aukera gehiago daude egon, baina balio dugula erakutsi behar dugu" (2021-04-23)
- Imanol Alvarez txirrindulari elgoibartarrak zazpigarren egin du Valentziaga Oroitzarrean eta Gipuzkoako lehena izan da helmugan (2021-04-12)