Eguerdi aldean piztu da sua Iruna Txiki baserrian. Indar handiarekin jotzen ari den hego haizeak ere lagundu dio suari zabaltzen, eta makina bat suhiltzaile kamioi bertaratu diren arren, ezer gutxi egin ahal izan dute suaren indarrari eusteko.
Tximiniaren errekuntza ganberan piztu zen sua eta berehala zabaldu da etxe osora. Irunaga txiki baserriak egurrezkoa zuen egitura eta erabat kiskali du etxea suak. Kanpo hormak bakarrik gelditu dira tente. Etsipenez jarraitu zuten gertatzen ari zena etxekoek, Arrate Osorok eta haren seme Iñakik. Arrateren neba Jabierrek kontatutakoaren arabera, ama-semeak etxean zeuden sua piztu zenean, baina berehala konturatu ziren ezer gutxi egin zezaketela teilatuan piztu zen sua amatatzeko. "Han ezin zen ezer egin, sua piztu zenean bertan egon arren ere. Norbera arriskuan jarri besterik ez! Gure modukoa teilatura igotzen hasterako suak hartuta dauka barrutik dena egurra den etxea. Han jai geneukan".
Arrateko (Eibar) eta Urolako (Azpeitia) suhiltzaile etxeetatik berehala gerturatu ziren suhiltzaileak, baina haiek ere ezin izan zuten ezer egin etxea salbatzeko. Bertan bizi ez arren, Irunaga Txikikoek egunero egiten zuten ostera baserrira, han dituzten ardi, ganadu eta gainerako abereak zaintzera, eta duela asko ez dela berritua zuten erretila. Garai batean Antonio Arrillaga Elgoibarko mediku ezagunarena izana zen Irunaga Txiki baserria.
∞Lotura duten albiseak:
- Ertzil baserria erre da, Urruzuno bailaran (2015-02-13)