Hiru lagun bizi dira baserrian, bikote bat eta euren alaba, eta onik daude hirurak. Alaba eskolara eramatera joan da ama eta baserrira itzuli denean, 8:30ak inguruan, zerbait ez zihoala ondo sumatu du. Konturatu da keak behar ez zuen lekutik irteten zuela etxe barrutik, eta larrituta bikoteari abisu ematera joan da. Lo zegoen gizona, esnatu eta biak soinean jantzita zutenarekin irten dira etxetik, beste ezertarako astirik gabe. Teila azpietan ikusi dute kea lehenik, baina hamar minutuan baserri osoak hartu duela su azaldu du Oscar Astigarragak. Sua non eta nola sortu den ere ez dute argi, baina sukalde inguruan izango zenaren susmoa daukate.
Larrialdi zerbitzuetara deitu dute eta Eibar eta Azpeitiko suhiltzaileak bertaratu dira baserriraino 8:30ak ingururako. Suak ordurako indar handia zuen ordea, eta sua itzaltzeko lanetan laupabost kamioi aritu diren arren, ezin izan dute etxea erretzea eragotzi. Duela bederatzi urtetik bizi ziren Ertzil baserrian eta kanpoaldetik zahar itxura duen arren, barrualdea eta teilatua berrituta zutela azaldu dute bizilagunek. Ez dute ezer ateratzeko astirik eduki. “Nerbioek joka nengoen eta kotxeetako giltzak ere ozta-ozta topatu ditut. Etxetik irten, autoak etxe ondotik aldendu eta ez dugu astirik eduki ezer etxetik ateratzeko, ez objektu pertsonalik ez ezer”. Abereak kanpoan zituzten eta ez dute kalterik izan.
Argazki bilduma: